Politika -
Urte amaierako mezua
2025erako garapen ekonomikoarekin eta aurrerapen sozialarekin duen konpromisoa berriz adierazi du Chivitek
Nafarroako lehgendakariak urte amaierako mezuan azpimarratu duenez, bizitza hobe baten aldeko ahaleginak markatuko du Gobernuaren jarduna 2025ean. BSHko langileei babesa adierazi die, eta Nafarroako indarguneak gogorarazi ditu, hala nola lan kolektiboa, hezkuntza eta berdintasuna.
Agentziak | EITB Media
Urte amaierako ohiko mezuan, Nafarroako Gobernuak hazkunde ekonomikoarekin eta gizarte-aurrerapenekin duen konpromisoa adierazi du Maria Chivite lehendakariak, "horrek egiten du Nafarroa bizitzeko erkidegorik onena izaten jarraitzea".
"Sufritzen dutenak eta zaurgarriak" gogoan izan ditu Chivitek, eta BSHko langileentzako aipamen berezia egin du: "Gobernu honengan izan dezatela, ekintzekin eta enpatiaz, irtenbideak topatzeko aliatu bat".
Nafarroako Gobernuak gizartearen mesederako aliantzak egiteko duen gaitasuna nabarmendu du: "Nafarroari egonkortasuna emateko gehiengoak batzeko gai den Gobernua gara. Konpromiso instituzional hori gizartearen zerbitzura jartzen dugu elkarlanaren fruitu den lurralde-sendontasunari laguntzeko".
Arlo sozioekonomikoan Nafarroak dituen indarguneetako batzuk ere gogorarazi ditu lehendakariak, hala nola hezkuntza eta berdintasuna, zeintzuek bizi-kalitate handiena duen Estatuko erkidego bihurtzen duten Nafarroa. "Lanbide Heziketan % 100eko enplegagarritasuna dugu, eskualde-lehiakortasunean hirugarrenak gara, eta emakumeen lorpenetan lider gara".
Azkenik, Chivitek esan du, "errealismotik eta apaltasunetik, aurrerabidearekiko, berdintasunarekiko eta bizikidetzarekiko konpromiso politikotik" egingo duela aurrera Gobernuak, "bizi-eredu iraunkorrago bat eraikitzeko, aukerak sortzeko eta arrakalak murrizteko helburuarekin". 2025ari "indarrez eta gizartearen eskutik eraikitzen jarraituko dugun ibilbide-orri argi batekin ekingo diogu", esan du.