Politika -

ERREAKZIOAK, OFIZIALTASUNA

PPren ustez, pilotako euskal selekzioaren ofizialtasunak "ez du inolako zentzurik"

"Kirol horrekin egiten ari direnak ez du inolako zentzurik, euskal pilota guztion kirola baita, abertzaleen eta sozialisten sektarismoaren gainetik. Kirola zikintzea da", adierazi du EAEko PPk sare sozialetan zabaldutako bideo batean.

Euskadiko PPren bideotik hartutako irudia.
Euskadiko PPren bideotik hartutako irudia.
Euskadiko PPren bideotik hartutako irudia.

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal pilota federazioa nazioarteko kirol federazioan sartzeak "ez du inolako zentzurik", Esther Martinez EAEko PPko idazkari nagusiaren iritziz.

"Kirol honekin egiten ari zaretenak ez du inolako zentzurik, euskal pilota guztion kirola baita, abertzaleen eta sozialisten sektarismoaren gainetik. Kirola eta politika manipulatzea da", adierazi du sare sozialetan zabaldutako bideo batean.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea da ofizialtasunerako urrats honen erantzulea, Martinezen hitzetan. "Sanchezen azken amarrua euskal pilotara iritsi da. Harresi bat sortuko zuela esan zuen, baina ez genekien frontoietara ere iritsiko zela", gaineratu du.

Euskal pilotariek nazioarteko txapelketetan euskal selekzioa ordezkatuz parte hartzeko aukerari atea zabaldu izana pozik hartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, eta zorion mezuak zabaldu zituzten EAJk eta EH Bilduk ere.

Aitzitik, oso kritiko hitz egin zuen UPNk. Hain zuzen ere, EITBk jakin duenez, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzako presidenteorde Javier Trigok (UPNko parlamentaria ere bada) kargua utzi zuen atzo, bozketan hartutako erabakiarekin ados ez zegoelako.

Espainiako Federazioak ere "azken muturreraino" iristeko borondatea agertu zuen, erabakia atzera botatzea lortzeko.

Gaur EITBri emandako elkarrizketan, Gotzon Enbil Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako (EEPF) presidenteak azaldu du atzoko bozketaren ostean Nazioarteko Federazioak komunikazio ofiziala noiz bidaliko zain daudela, erabakiaren kontra daudenek helegiteak jarriko ote dituzten edo ez ikusteko. Itxaropentsu dauden arren, oraindik ere "borrokatu" egin beharko dela uste du, eta alegazioak dauden eta zein norabidetan datozen ikusi beharko dela, "guk aurreikusi ez dugun zerbaitekin etor daitezkeelako beharbada".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Pilota Politika Euskal Selekzioa Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak