Politika -
Heriotza
Begoña Arregi hil da, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren emaztea
66 urte zituela zendu da, denbora batez gaixo egon ostean. Laudion jaio zen, Ibarretxeren jaioterrian, eta bi alaba zituen.
EITB MEDIA
Begoña Arregi, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren emaztea, hil da gaur, igandea, 66 urte zituela, EITBk jakin duenez.
Laudion jaio zen, Ibarretxeren jaioterrian, 1958an, eta bi alaba zituen. Emakume zuhurra eta isila zen.
Albistearen berri izan eta berehala, dolumin mezuak zabaldu dira sare sozialetan. Sareko bozeramaile Joseba Azkarraga (Ibarretxeren gobernuan Justizia sailburu izan zen), EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta PPren Euskadiko presidente ohi Carlos Iturgaiz izan dira doluminak eman dituzten politikarietako batzuk, baita Ibarretxeren zenbait alderdikide ere, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, adibidez.
Imanol Pradales lehendakariak argitaratutako mezuan, berriz, "dolumin bihotzekoena" eman dio Begoña Arregiren familiari, "une mingarri eta triste honetan". Osasun sailburu ohi Jon Darponek, bestalde, besarkada estua bidali dio Ibarretxeri.
Joseba Azkarraga izan da atsekabea erakusten lehena.
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik Begoña Arregi estimu handitan zuela idatzi du X sare sozialean.
Carlos Iturgaizek ere sare sozial berean idatzi du bere dolumin mezua.
Junts-eko presidente Carles Puigdemontek ere doluminak eman dizkio Ibarretxeri, eta Kataluniatik atsekabe mezu gehiago ere heldu zaizkie Arregiren senitarteko eta lagunei.