Politika -
ERREAKZIOAK, OFIZIALTASUNA
EAJk eta EH Bilduk pozez hartu dute ofizialtasunaren aldeko urratsa baina UPNk "jauntxokeriatzat" jo du
EAJk uste du "herritarren aldarria"ri erantzuten diola erabakiak. EH Bilduk "Euskal Herri osoa barnebilduko duten euskal selekzioen alde lanean" jarraitzeko deia egin du. UPNk "Espainiako kirol erakundeek zentzugabekeria hau zuzentzeko egingo dituzten ekintza legal guztiak" babestuko ditu.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Euskadiko Euskal Pilota Federazioa (EEPF) Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren (FIPV) eskubide osoko kide gisa onartu dute larunbat honetan, Iruñean egindako bileran, eta horri esker, euskal pilotariek nazioarteko txapelketetan euskal selekzioa ordezkatuz parte hartzeko aukerari atea zabaldu zaio. Pozik agertu da Eusko Jaurlaritza, baita EAJ eta EH Bildu ere, baina oso kritiko hitz egin du, adibidez, UPNk.
Alderdi jeltzaleak pozez hartu du erabakia, eta 2022ko urrian Kongresuan eta Senatuan Kirol Legearen aldaketa onartzearekin lotu du albistea. Hala, EAJk nabarmendu du erabaki honek Euskadiko pilotariei Euskadiko elastikoa janztea eta nazioarteko lehiaketa ofizialetan ikurrinarekin desfilatzea ahalbidetuko diela.
Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko "herri aldarria" dagoela ere nabarmendu, eta "aldarri hori kontuan hartuta", "ahalik eta kirol diziplina gehienei ofizialtasunerako bidean" laguntzeko konpromisoa berretsi du EAJk.
EH Bilduk eta EH Baik ere pozik hartu dute albistea: "Ongietorria ematen diogu EEPF FIPVeko kide izateari euskal jokalariak modu ofizialean jokatzen ikusteko aukera izango dugulako".
"Bide onean doan berri bat da, euskaldunon aitortzarako beste pauso bat, guztiok lanean jarraitu behar dugu, kirol eta esparru guztietan Euskal Herri osoa aintzat hartuko duten selekzioekin lehiatzeko aukera izan dezagun", esan dute ohar batean.
Aitzitik, kontrako ikuspegia plazaratu du UPNk. Alderdi erregionalistaren ustez, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren Batzarrak Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren parte hartzea ahalbidetzeko estatutuen erreforma onartu izana Xavier Cazaubon presidentearen "jauntxokeria" bat izan da.
"Hau guztia, 2022an, Kirol Legea aldatzeko Pedro Sanchezek EAJri egindako zesio politikotik sortu da", salatu du UPNk. "Kirolarentzat eta kirolarientzat onurarik ez duen erabaki politikoa da" eta "Espainiako kirolarentzat galera nabarmena da, bere potentziala ahultzen baitu pilotaren esparruan", ohartarazi du.
Alderdi erregionalistak salatu duenez, "Gabonak bezalako egun berezietan deitutako batzarrean, botoa emateko eskubidea duten 14 herrialdeetatik 7 bakarrik izan dira, eta, diziplina arrazoi ezberdinengatik, Espainiari eta Kubari parte hartzea eragotzi zaie; izan ere, horiek egon balira, proposamena ez litzateke aurrera aterako". Horregatik, "Espainiako kirol erakundeek zentzugabekeria hau zuzentzeko egingo dituzten ekintza legal guztiak" babestuko dituela iragarri du UPNk.