Politika -
Bizkaia
Urtebete Usansolok udal independentzia lortu zuenetik
Agustin Aizpuru alkateak du udal kudeaketaren lehenengo urtea "paper artean murgilduta" eman dutela, administrazio prozesu ugari izan dituztelako esku artean.
Agentziak | EITB Media
Bizkaiko 113. udalerri izaera lortu zuenetik lehenengo urteurrena bete du gaur Usansolok.
Agustin Aizpuru alkateak ostiralean azaldu zuen udal kudeaketaren lehenengo urtea "paper artean murgilduta" eman dutela, administrazio prozesu ugari izan dituztelako esku artean.
"Prozedurak egiten, akordioak kudeatzen, Aldundiarekin, Eudelekin eta beste erakunde batzuekin lan-hitzarmenak egiten aritu gara, Udalak kontratuak egiteko eta tasak kobratzeko eskumena izan dezan", zehaztu du.
Usansoloko Udalaren egoitza Kultur Etxearen solairu batean egon da orain arte, eta udan udaletxeak behin betiko kokalekua izatea espero dute.
Udala 21-23 langilek osatuko omen dute, eta horretarako, datorren seihilekoan hiru udaltzain eta lan eta zerbitzuetarako hiru langile kontratatuko dituzte.
Gainera, Galdakaoko Udaleko lau langilek Usansolokoan lan egiten jarraituko dute, eta beste bi administrari ere kontratatuko dituzte.
Galdakaoko Udalak Usansolorako egin zituen kontratuak amaitu ahala, Udalak horien kudeaketa bere gain hartuko duela aurreratu du Aizpuruk. "Orain hondakinen bilketa kudeatzen dugu, eta urtarrilean bideen garbiketarekin hasiko gara. Datorren urtean, beste fase bati ekingo diogu, lehenengo urteko administrazio lanaren ostean, eta jendeak gauza gehiago ikusi ahal izango ditu kalean", azaldu du.