Politika -
ERREAKZIOAK
Iritzi ezberdinak eragin ditu euskal alderdien artean Felipe VI.a erregearen Gabonetako mezuak
EAJ, Podemos Euskadi eta Sumar Mugimendua kritiko agertu diren bitartean, PSE-EEk eta PP Euskadik monarka espainiarraren hitzak txalotu dituzte. Aurreko urteotan bezala, EH Bilduk baloraziorik ez egitea erabaki du.
EITB MEDIA
Ohi bezala, Felipe VI.a Espainiako erregearen Gabonetako mezuak erreakzio-soka eragin du alderdi politikoen artean, askotariko iritziekin. Euskal alderdiei dagokionez, EAJ izan da bere balorazioa zabaltzen aurrenetakoa.
Hedabideetara igorritako ohar batean, Aitor Esteban EAJren bozeramaileak Kongresuan deitoratu egin du Konstituzioari buruz monarkak duen "ikuspegi idilikoa" eta nabarmendu du "1978an EAJk eta euskal gizarteak babestu ez zuten Konstituzioa" dela. "Euskal nazioaren existentzia" gogoratu ondoren, buruzagi jeltzaleak esan du erregea "sentimendu nazional ezberdinak egokitzen saiatu" zitekeela, baina ez zuela horretarako "borondaterik izan".
Halaber, "liskar politikoa" dela eta, "lasaitasunerako" egindako deiaren aurrean, EAJ ez dela "interpelatuta sentitzen" esan du Estebanek: "Erantzukizunez lan egiten dugu euskal herritarren bizitza hobetzeko".
Kritiko agertu da, baita ere, Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia. Esan duenez, errealitatetik oso urrun bizi da erregea, herritarren eguneroko arazoei bizkar emanda. Elkarrizketarako deia egin bai, baina gero herriari entzuten ez dion estatuburua izatea egotzi dio.
Bide beretik mintzatu da Sumar Mugimendua ere, eta "Euskadirekin erabat deskonektatuta" egotea leporatu dio, herritarren arazoak zeintzuk diren jakin ere egin gabe.
Oso bestelako balorazioa egin du Esther Martinez PPk EAEn duen idazkari nagusiak. Bilbon egindako agerraldi batean, buruzagi popularrak iritzi dio egungo egoera politikoaren "analisi egokia" egin zuela, herritarren arazoak kontuan hartuta. "Hainbat lezio inportante eman zizkigun, arazoei ezin diegulako aurre egin liskarretik, elkar ulertuz eta elkarrizketaren bidez, baizik", esan du.
Espainiako alderdi nagusiei dagokienez, sare-sozialen bidez heldu dira erreakzioak. Hala, X plataforman argitaratutako mezu batean, PSOEk txalotu egin du erregearen mezua, lasaitasunerako egin duen deiarekin ezin duela adosago egon esanez. "Felipe VI.ak ulertzen du lasaitasuna izan behar duela bizitza politikoaren ardatza. Kontsentsua da bidea, Espainiarren ongizatea bermatzeko", idatzi dute sozialistek. PSE-EEk bat egin du mezuarekin.