Politika -
Mugikortasuna
Garraio publikoa doakoa izango da 12 urtetik beherakoentzat EAEn
Doakotasunaz gozatzeko, adingabeek txartel pertsonalizatua izan beharko dute, eta horren bidez baliozkotuko dituzte beren bidaiak, zero kostuan, neurria beren lurralde historikoan ezartzen den unetik aurrera.
EITB MEDIA
Euskadiko Garraio Agintaritzak 12 urte arteko adingabeentzako doakotasuna ezartzea eta garraio publikoan % 50eko deskontuak luzatzea erabaki du. Neurriak pixkanaka ezarriko dira 2025eko urtarrilaren lehen astetik otsailaren hasierara bitartean.
EAEn urtarrilaren 1ean Eusko Jaurlaritzak kudeatuko dituen Renferen aldiriko zerbitzuei dagokienez, doakotasunari eutsiko diote, orain arte bezala.
Operadore nagusiak hobarien zabalkuntza hori ezartzearen alde agertu dira, eta datozen egunetan dagozkien organo erabakitzaileetara (Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Arabako Mugikortasun Agintaritza) eramango dute proposamena, lurraldeka pixkanaka ezarri ahal izateko 2025eko urtarrileko lehen asteen eta otsailaren hasieraren artean.
Eustaten datuen arabera, EAE osoko 130.400 haur inguruk gozatu ahal izango dute neurri hori, 22.000 inguruk Araban, 65.000k Bizkaian eta 43.300ek Gipuzkoan. Doakotasunaz gozatzeko, adingabeek txartel pertsonalizatua izan beharko dute, eta horren bidez baliozkotuko dituzte beren bidaiak, zero kostuan, neurria beren lurralde historikoan ezartzen den unetik aurrera.
Horregatik, urtarrilaren 7tik aurrera, 6 urtetik 12 urtera bitarteko adingabeak ardurapean dituzten pertsona guztiek arreta-bulegoetara jo ahal izango dute txartel pertsonalizatua sortzea eskatzeko.
Gaur egun txartela duten adingabeek ez dute inolako izapiderik egin beharko.