Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Konpainia energetikoen gaineko karga berezia 2025era luzatzea onartu du Espainiako Gobernuak

Halaber, aurreikusita bezala, garraio publikoaren gaineko hobaria datorren urte osora zabaltzea ere onartu dutela jakinarazi du Sanchezek.

Iberdrolaren egoitza nagusia, Bilbon. Argazkia: EFE
Iberdrolaren egoitza nagusia, Bilbon. Argazkia: EFE
Iberdrolaren egoitza nagusia, Bilbon. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Konpainia energetikoen gaineko karga berezia 2025era luzatzea onartu du Espainiako Gobernuak. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak baieztatu du neurria, 2024ko balantzea egiteko egin duen agerraldian.

Buruzagi sozialistak esan duenez, onartutako arauak deskarbonizazioan eta trantsizio ekologikoan urratsak ematen dituzten enpresei hobari fiskala ezartzeko aukera ere ematen du, zerga berezia kenduta. "Erakutsi nahi dugun konpainia energetikoei ahalegin berezia eskatu behar diegula, eta, era berean, deskarbonizazioren eta hidrogeno berdearen aldeko gure bide-orriari eusten diogula", esan du.

EH Bildu, ERC eta BNG taldeekin adostutako neurria da zerga berezia datorren urtera luzatzea. EAJk eta Juntsek joan den astean tasa hori kentzearen alde bozkatu zuten Diputatuen Kongresuan, enpresa energetikoen inbertsioak arriskuan jarriko dituela argudiatuta.

Orain, Ministroen Kontseiluak lege-dekretua onartu ondoren, Sanchezek inbestidurako taldeekin negoziatzen hasi beharko du berriro, gaur-gaurkoz ez baitu behar duen babesa bermatuta. "Oso kontziente gara gure Parlamentuaren konplexutasuna zein den, baina, umiltasunez, irabaztera aterako gara. Ez dugu ezer galdutzat ematen", esan du Espainiako presidenteak.

Hain zuzen, gaiari buruz hitz egin du goizean, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak. Adierazi du EAJk energia enpresen kargaren aurka bozkatuko duela, neurri horrek "Kontzertu sistema hausten" duela iritzita.

Diputatu jeltzaleak esan du ez daudela "batere ados zerga bidezko gai bat karga bidez egitearekin". "Azkenean, foru erkidegoekiko harremanen printzipioa erabat hausten du horrek", iritzi dio.

Garraio publikoari hobaria

Halaber, goizeko agerraldian, garraio publikoaren gaineko hobaria datorren urte osora zabaltzea ere onartu dutela jakinarazi du Sanchezek.

Nabarmendu duenez, bere Gobernuak hobariak martxan jarri zituenetik, garraio publikoaren erabiltzaile kopurua % 13 hazi da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Junts per Catalunya