Politika -

EUSKO JAURLARITZA

Pradalesek ziurtatu du "2025a urte giltzarria" izango dela, eta "emaitzak" utziko dituela

Ajuria Enean egindako agerraldian, bere agintaldiaren lehen sei hilabeteen balantzea egin eta 2025erako Jaurlaritzak dituen erronkak azaldu ditu Imanol Pradalesek. Behin Gobernuak martxan hartuta, abiadura "bizkortzea" jarri du helburuen artean. Elkarlana eskatu die eragile sozial guztiei.

Imanol Pradales, gaur.
Imanol Pradales, gaur.
Pradales lehendakariak 2024ko eta agintaldiko lehen sei hilabeteetako balantzea egin du

0:28

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduak bizi duen "ezegonkortasun" eta "ziurgabetasun" egoeran erakundeek dituzten "zailtasunak" aitortuz abiatu du Imanol Pradales lehendakariak bere agintaldiaren lehen sei hilabeteen balantzea egiteko eta hastear den 2025erako dituen erronkak azaltzeko Ajuria Enean egin duen agerraldia. Zerbitzu publikoak indartzea, komunitate izaera sendotzea eta etorkizuneko eraldaketarako inbertsioak areagotzea dira mahai gainean jarri dituen helburuak, eta horretarako "elkarlana" ezinbestekotzat jo du. Hala, "epe laburreko ikuspegiak" eta "taktizismoak" alde batera uzteko deia egin die eragiel sozialei.

Ekainean lehendakari karguaz jabetu zenetik gaur arte egindako bideaz, nabarmendu du "elkarrizketarako borondatea" erakutsi duela Eusko Jaurlaritzak, "formetan" zein "edukietan". Eragile politikoekin, sozialekin eta ekonomikoekin lehen hartu-emanak izan eta Gobernua martxan jarrita, abiadura bizkortzea da orain erronka, Pradalesen hitzetan. "Gobernua martxan jarri eta abiadura hartu dugu, baina ez da nahikoa. Gure erritmoa bizkortu behar dugu. Martxa berri bat jarri. Aurrean ditugu erronkek hori eskatzen digute", erantsi du. "Hitzekin eta ekintzekin erantzun behar dugu".

Ziurtatu duenez, Gobernu Programan jasotako ekintzen % 27 martxan daude dagoeneko, eta horien arean, zenbait "mugarri" nabarmendu ditu: hala nola Osasunaren ituna, Etxebizitzaren Aldeko Gizarte Ituna, Hezkuntzan itunpeko ikastetxeetako eta sektore publikoko langileen soldatak berdintzeko urratsak edota pizgarri fiskalak izango dituzten teknologia garbien zerrenda onartzea.

"Oinarriak jarrita" eta "norabidea zehaztuta" daudela esan ondoren, arloz arloko lehentasunak aipatu ditu, modu orokorrean. Osasungintzari dagokionez, Osakidetza Europa mailako erreferente bihurtzeko lanean ari direla nabarmendu du, eta etxebizitzaren arloari buruz, legealdi honetan 7.000 etxebizitza publiko eraikitzea jarri du helburutzat.

Halaber, datorren urtean urrats ausartak emango dituztela esan du "kulturaren euskal sistema indartzeko" eta "euskararen erabilera sozialean premiazkoa den jauzi kualitatiboa emateko".

Eusko Jaurlaritzaren buruak uste du 2025a "urte giltzarria" izango dela eta "ekintza" zehatzak utziko dituela. Besteak beste, esan du urte erabakigarria izango dela Gernikako Estatutua osorik bete dadin. Zentzu horretan, "Espainiako Gobernuak eta Sanchez presidenteak hartutako konpromisoa" ekarri du gogora. "Baina, pauso bat harago joan behar dugu, eta gure autogobernua zabaltzeko eta indartzeko urratsak eman. Herritarren bizi kalitatea hobetzeko baliabide politikoak emango dizkigu horrek; autogobernu zabalagoa izateak ongizate gehiago izatea esan nahi duelako".

Egonkortasun ekonomikoa

Kontzertu Ekonomikoaren Bitariko Batzordeak gaur goizean erdietsi duen akordioaz ere mintzatu du Pradales, eta "albiste oso ona" dela iritzi dio. 2027 urte arteko defizit eta zorpetze muga zehaztuta utzi dituzte goizeko bileran: hurrengo hiru urteetan % 0,3koa izango da Eusko Jaurlaritzaren defizit muga, eta zor publikoa, % 13koa. "Horrek egonkortasun ekonomikoa eta finantzarioa emango dizkigu".

"Gainera, ez dugu bakarrik 2025eko egonkortasun bidea zehaztu, baizik eta 2027rainokoak adostu dira. Horrek egonkortasun ekonomikoa ematen digu erakunde guztioi, hurrengo urteetako aurrekontuei aurre egin ahal izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza Albisteak Gaur Eguneko albisteak Imanol Pradales gaur