Politika -
Heriotza
Federico Mayor Zaragoza, ministro ohi eta UNESCOren zuzendari nagusi ohia, zendu da
Mayor Zaragoza Hezkuntza eta Zientzia ministro izan zen 1981etik 1982ra, eta UNESCOren zuzendari nagusi 1987tik 1999ra. 2019an, Iñigo Urkullu lehendakariak Giza Eskubideen Rene Cassin saria eman zion. 2013an, ETAko presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzearen alde agertu zen publikoki.
EITB Media
Federico Mayor Zaragoza hil da gaur, 90 urte zituela. Mayor Zaragoza Hezkuntza eta Zientzia ministro izan zen 1981etik 1982ra, eta UNESCOren zuzendari nagusi, 1987tik 1999ra.
Javier Padilla Estatuko Osasun idazkariak baieztatu du heriotza, X sare sozialean argitaratutako mezu batean. Bertan, heriotza deitoratu du, eta Mayor Zaragoza "gure herrian jaioberrien baheketa bultzatzeko gehien lan egin zuen pertsonetako bat" dela nabarmendu du.
Francisco Francoren diktaduran, 1974etik 1975era, Carlos Arias Navarroren Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Zientzia idazkariordea izan zen.
1976ko apirilean, Kataluniako Administrazio Araubide Berezia Aztertzeko Batzordeko presidente izendatu zuten. Batzorde horrek erregimen autonomikoa aztertu behar zuen Kataluniako lau probintzietarako.
Lehen hauteskunde orokorretan parte hartu zuen, eta UCDren diputatu izendatu zuten (1977-1978). Trantsizioan, Espainiako Gobernuko presidentearen kontseilaria (1977-1978) izan zen, baita Hezkuntza eta Zientzia ministroa (1981-1982) eta Europako Parlamentuko diputatua ere, Zentro Demokratiko eta Sozialean (1987).
1978an UNESCOren zuzendari nagusiaren ondoko izendatu zuten, eta 1981ean Espainiara itzuli zen arte aritu zen karguan. 1987an, UNESCOren 24. Konferentzia Nagusian zuzendari nagusi izendatu zuten, eta kargu horretan jarraitu zuen 1999ra arte.
Bestalde, 2013ko urtarrilean, ETAko presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzearen alde Bilbon egin zen manifestazioa babestu zuten pertsona ezagunetako bat izan zen.
2019an, Iñigo Urkullu lehendakariak Giza Eskubideen Rene Cassin saria eman zion Federico Mayor Zaragozari, "bakeari, hezkuntzari eta giza eskubideei eginiko ekarpenagatik".