Politika -
'MOZAL LEGEA'
Ernaik uste du isunak indargabetu edo apaltzea "mugimenduaren aurkako operazioaren" erakusgarri direla
Iazko irailean Ertzaintzak Ernaiko 133 kideri 'mozal legea' aplikatuta jarritako isunak indargabetu edo murriztu egin dituzte auzitegiek. Ostegun honetan gazte erakundeak prentsaurrekoa eskaini du aurkeztutako helegiteen lehenego ebazpenaren berri emateko.
EITB MEDIA
Ernaik "positibotzat" jo du Gasteizko epaitegi batek 133 gazteren aurka Jaurlaritzako Segurtasun sailak jarritako zenbait isun indargabetu edota apaldu izana, eta adierazi du "mugimenduaren aurkako operazioaren" erakusgarri dela. Gazte erakundeak Jaurlaritzaren aurka aurkeztutako helegiteen lehenego ebazpenaren berri emateko prentsaurrekoa egin dute ostegun honetan Bilbon; izan ere, Gasteizko Auzitegiko 4. aretoak isunak bertan behera uztea ebatzi du, eta Bizkaikoak, 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta.
Ernairen arabera, frogatuta geratu da Gasteiz eta Bilbon egindako protesta haietan, batetik, ez zela desordena publikorik izan, eta bestetik, Ertzaintzaren jarduna desproportzionala izan zela.
Amaiur Egurrola erakundearen bozeramailearen arabera, jarritako 126 helegiteetatik lehen hiruretan "mozal legearen" bitartez jarritako zigorrak indargabetu edo arindu izana garrnatzitsua da etorkizunean beste herri mugimendu batzuek egin ditzaketen protestei begira. Halaber, Jaurlaritzak Ernairen aurkako kanpaina abiarazi duela salatu du Egurrolak.
Honek guztiak iazko irailaren 22ko Ernairen bi ekinbide ditu oinarrian. Egun hartan, Ernaiko kideek bidea moztu zuten Espainiako Gobernuko ordezkaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, eta Ertzaintzaren Gasteizko polizia-etxearenean, Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren espetxeratzea salatzeko.
Orduan, Ertzaintzak 133 lagun identifikatu zituen, eta Segurtasun Sailak denei ezarri zizkien isunak; 1.500 eta 2.500 euro bitartekoak. Ernairen arabera, diru kopuru horiek ohikoak baino handiagoak ziren.
Testuinguru horretan, isun haiei banan-banan helegiteak jartzea erabaki zuen gazte mugimenduak, "Segurtasun Sailaren desproportzionaltasuna eta partzialtasuna" salatzearekin batera. Gasteizen aurkeztu zituzten lehen helegiteen ebazpenak jaso zituzten atzo, asteazkena, eta isun horiek bertan behera uztea ebatzi du 4. salak.
Bizkaian ere jarri zituzten helegiteak, eta hango auzitegiak erabaki du 2.500 euroko isunak 1.800 eurora apaltzea, aurreko kopurua gehiegizkoa zela ebatzita.