Politika -
2025eko aurrekontuak
Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua eztabaidatzen ari da Legebiltzarrean, taldeen txandarekin
Ezustekorik ezean, EAJren eta PSE-EEren botoekin egingo dute aurrera datorren urteko kontuek, negoziazio prozesuan oposizioko talde bat bera ere ez baita batu Jaurlaritzaren proiektura. Gaurko osoko bilkura zuzenean jarraitu ahal da eitb.eus atarian.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Urteko azken osoko bilkura du gaurkoa Eusko Legebiltzarrak, eta 2025eko aurrekontu proiektua onartzea du helburu, Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeen botoekin. 09:30ean hasi da bilkura Eusko Legebiltzarrean, taldeen hitzarteekin (txikitik handirako errenkeran). eitb.eus zuzenean ari da eskaintzen saioa.
Gidoia idatzita ez badago ere, aurreikusi daiteke Jaurlaritzako bi bazkideen (EAJ eta PSE-EE) gehiengo osoarekin egingo duela aurrera aurrekontuak, joan den ostegunean EH Bilduk ez baitzuen ontzat eman Noël D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak helarazitako azken proposamena. Egun horretan bertan eman zuen amaitutzat koalizio subiranistarekin zabalik zuen negoziazioa Gasteizeko Gobernuak, baina akordiorako aukerak oraindik badirela eta azken segundora arte negoziatzeko borondatea erakutsi du asteon Pello Otxandiano EH Bilduk Legebiltzarrean duen eledunak. Ikusteko dago, beraz, zein izango den bozketaren azken emaitza.
Eztabaida taldeen hitzarteekin abiatu da. Talde Mistoko kideak izan dira berba hartzen lehenak. Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, proiektua "erabat baztertzen" dute, euren taldearekiko "antipodetan" dagoelako. Besteak beste, Osakidetzan egindako murrizketak salatu ditu, eta era berean, euskalduntzeari "nahi beste" diru ematea.
Ondoren, Jon Hernandez Sumarren legebiltzarkidearen txanda izan da. Ezkerreko koalizioaren ustez, Jaurlaritzaren aurrekontuak "kontinuistak", eta eurek baztertzen duten "eredu politiko baten bidaia orria ezartzen dute, EAJrena, alegia". Hori horrela, "ezinezkoa" zen akordio bat "antzezteari" uko egin diotela nabarmendu du.
Negoziazio antzua oposizioarekin
Gobernu Kontseiluak proiektua onartu eta egun batzuetara edukia Gasteizko Ganberan aletu ondoren, azaroaren 7an abiatu zituen Ogasun sailburuak taldeekin negoziazio bilerak. Sumarrek, PPk eta Voxek osoko zuzenketak aurkeztea erabaki zuten, eta EH Bilduk, berriz, elkarrizketekin aurrera egitea. Azken horrek, hasieratik, etxebizitza politika publiko proaktiboa eta EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata propioa izatea jarri ditu erdigunean.
Hainbat bilera eta gero, Jaurlaritza eta koalizioa ez dira ados jarri, eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburua izan zen akordio ezaren berria zabaldu zuena, joan den ostegunean, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Bukatutzat eman zituen negoziazioak.
Jaurlaritzak datorren urtean 15.728 milioi euro izango ditu bere politikak aurrera ateratzeko, 2024an baino 700 milioi gehiago (% 4,5eko hazkundea). Osasungintzara bideratuko da diru gehien, 215 milioi euro. Halere, sail horren aurrekontuaren hazkundea apalagoa (% 4,4) izango da, kopuru orokorrarekin alderatuta.