Politika -
AMNISTIA
Konstituzionalak tramitera onartu ditu PPren gobernuek eta Garcia-Pagek Amnistiaren aurka jarritako helegiteak
Halaber, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bideratutako konstituzioaren aurkako hiru auzietatik biri bide ematea erabaki du Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak.
AGENTZIAK | EITB Media
PPk gobernatutako autonomia erkidegoek eta Gaztela-Mantxako gobernu autonomiko sozialistak Amnistia Legearen kontra aurkeztutako helegiteak tramitera onartzea erabaki du, aho batez, Auzitegi Konstituzionalak. Halaber, bide eman die Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bideratutako konstituzioaren aurkako hiru auzietatik biri.
Aragoiko Parlamentua izan zen pausoa ematen lehena, eta pasa den abenduaren 3an Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak helegitea onartu egin zuen. Ildo beretik, orain beste erkidegoenak ere ontzat eman ditu.
Autonomia erkidegoetako parlamentuek eta gobernuek Amnistia Legearen aurka egiteko zilegitasuna dutela ebatzi dute letradunek, eta ondoren hartu du erabakia Auzitegi Konstituzionalak.
PPren esku dauden 11 erkidegoek konstituzio-kontrakotasunagatiko helegiteak aurkeztu dituzte (Madril, Andaluzia, Valentziako Erkidegoa, Galizia, Aragoi, Murtzia, Gaztela eta Leon, Balearrak, Extremadura, Kantabria eta Errioxa), eta baita PPk gehiengoa duen bi parlamentu autonomikok ere (Murtzia eta Kantabria).
Horiekin batera, Gaztela-Mantxako gobernu sozialistak ere jarri du helegitea.
Bestalde, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak aurkeztutako konstituzio-kontrakotasunagatiko hiru auzietatik bi onartu ditu Auzitegi Konstituzionalak. Hirugarrenari buruzko erabakia hartu aurretik txostena eskatu dio fiskalari.
Auzitegi Konstituzionalak Amnistia Legearen aurkako 19 helegite ditu mahai gainean: autonomia erkidegoenak, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiarenak, PPrena eta Auzitegi Gorenarena.
Hala ere, lehenik eta behin Jose Maria Macias epailearen errekusazioa ebatzi beharko du Auzitegi Konstituzionalak. Fiskaltzak jarrera alderdikoia izatea leporatu dio, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) kidea izan zenean legearen aurkako txostenak babestu zituelako.