Politika -

AURREKONTUAK

Otxandiano: "Bizkaiko Aldundiak lehen aldiz borondate erreala izan du gurekin aurrekontuak negoziatzeko"

Bestelakoa izan da Jaurlaritzaren jarrera EAEko aurrekontuen negoziazioan, EH Bilduko kidearen iritzian. Esan duenez, Bizkaiko Aldundiak "ontzat" emandakoa Jaurlaritzak ez du onartu. "Horrek demostratzen du Jaurlaritzak ez duela borondaterik", erantsi du.

Pello Otxandiano, gaur, ETBn. Irudia: EITB Media.
Pello Otxandiano, gaur, ETBn. Irudia: EITB Media.
Otxandiano: ''Bizkaiko Aldundiak ontzat emandakoa Jaurlaritzak ez du eman''

1:21

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Lehen aldiz Bizkaiko Aldundiak borondate erreala izan du EH Bildurekin aurrekontuak negoziatzeko eta akordio batera iritsi gara". Hala esan du Pello Otxandiano EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen eledunak, ETB1eko 'Egun On Euskadi' saioan egindako elkarrizketan.

Bere hitzetan, oso bestelako jarrera erakutsi du Eusko Jaurlaritzak bere kontuen negoziazio prozesuan, eta azalpen hau eman du: "Bizkaiko kasuan, konpromiso ekonomikoei dagokienez, erreferentziatzat hartu da EH Bilduk eta Jaurlaritzako alderdiek 2022an egindako akordioa (aurrekontu osoaren % 1,6 inguru). Orduko portzentaje berbera da Bizkaian adostu dena. Erreferentzia hori jo dugu guk ontzat baita Jaurlaritzarekin izan dugun negoziazioan ere, ulerturik gehiengoa duen Gobernu baten aurrean gaudela. Bada, Jaurlaritzak EH Bilduri eskaini diona erreferentzia horren erdia izan da", azaldu du.

Berretsi du etxebizitzaren gaia eta lanbide arteko soldata propioa izan direla lehentasunak koalizioarentzat. Zentzu horretan, kritiko agertu da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendarako sailburuak egin berri dituen adierazpenekin; etxebizitzaren arazoan aurrera egiteko EH Bilduko zenbait udalek jarritako trabak aipatu zituen buruzagi sozialistak, eta hori esatea onartezina dela iritzi dio Otxandianok. Azaldu du Jaurlaritzak eta udalek dituzten eskumenak eta baliabideak ezin direla alderatu, eta, beraz, arduraz jokatzeko eskatu dio Itxasori.

EH Bilduk erakunde guztietan jarrera berari eutsi diola ere nabarmendu du, erdigunean "politika publikoen norabidea" jarrita. Hori bai, tokian tokiko markoak ezberdinak izan direla ere ekarri du gogora. Arabako Aldundiaren kasuan "borondatea" egon da, gehiengorik ez izanda, "behar zutelako". Gipuzkoan, berriz, esan du "PPrekin akordioa egina" zegoela eta EH Bildu ez dela "inoiz egongo PP dagoen aurrekontu akordio batean". "EAJk nahiago izan du EH Bildu zokoratu", erantsi du.

Datorren ostiralean, abenduak 20, bozkatuko da Eusko Jaurlaritzak datorren urterako egindako aurrekontu proposamena Eusko Legebiltzarrean. Joan den astean Noël D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak EH Bildurekin zabalik zuen negoziazio prozesua itxitzat eman bazuen ere, Otxandianok berretsi du zenbait gaitan "akordiorako aukerak" oraindik badaudela. "Demostratu izan da akordioak posible direla azken momentuan. Ibarretxek zioen bezala, 'goizaldera arte negoziatzen da'. Teknikoki posible da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Zer gertatu da Bizkaian? Eusko Jaurlaritza EH Bildu Nafarroa Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea EAEko Aurrekontuak Bizkaiko Foru Aldundia Pello Otxandiano albisteak