Politika -
memoria historikoa
Totem batek 1936an fusilatutako hiru gazte gogoratuko ditu gaurdanik, Guardiatik gertu
Fusilatu zituzten tokian bertan jarri dute oroigarria, haien memoria berreskuratu eta duintzeko asmoarekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
1936ko uztailaren 25ean Guardiatik (Araba) gertu fusilatutako hiru gazteren omenez, totem bat jarri dute gaur udalerri horretatik hiru kilometrora euskal erakundeetako ordezkariek eta biktimen senitartekoek.
Juan Larreta Larrea iruindarra, Antonio Bombin Hortelano palentziarra eta identifikatu ez zuten beste pertsona bat hil zituzten 1936ko uztailean leku horretan.
Lehenengoak Trevianako (Errioxa) alderdi sozialista sortu zuen, eta Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen bertan. Bombinek idatzita utzi zituen bere ideiak Con-Ciencia zutabean. "Herriak ez du soilik ogia nahi, justizia, zientzia eta arrazoia ere gura ditu", zioen.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Guardiako Udalak eta Errioxako memoria historikoaren aldeko La Barranca elkarteak jarri dute totema hiru pertsona horiek fusilatu zituzten tokian bertan.
Guardiatik Logroñora doan errepidean dago, eta oroigarriak honela dio: "Demokraziaren eta giza eskubideen etsaiek toki honetan erailak, 1936ko uztailaren 25ean. Ez ditzagun ahaztu".
Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek ekitaldian hartu du parte, eta gogora ekarri duenez, "milaka gazte daude oraindik Espainiako arekatan, tokirik ez zuten aberri baten izenean ametsak eta bizitzak eten baitzizkieten".