Politika -

2025EKO AURREKONTUAK

EH Bilduk ez du amaitutzat jo aurrekontuen negoziazioa eta akordiorako aukerak ikusten ditu

Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean egindako adierazpenetan, Otxandianok azaldu du atzo arratsaldeko 19:30ean igorri ziola Eusko Jaurlaritzak bere azken proposamena, "aurrekoaren ia berdina, 5 milioiko gehikuntzarekin", gaur goizeko lehen ordurako erantzuteko "ultimatum batekin".

Eusko Jaurlaritzako Ogasun Batzordea. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Ogasun Batzordea. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Ogasun Batzordea. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2025eko aurrekontuen negoziazioan Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat ixteko aukera ikusten du oraindik EH Bilduk, eta hitz egiten jarraitzeko prest agertu da. Hala esan du Pello Otxandiano koalizio subiranistak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak. Abenduaren 20ra arte —egun horretan egingo da behin betiko bozketa— negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu du. Kontrara, Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak amaitutzat eman du negoziazioa, eta baita, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere.

Aurrekontu proiektuari alderdiek aurkeztutako zatikako zuzenketak eztabaidatu dituzte goizean Legebiltzarreko Ogasun Batzordean, eta han eman ditu azalpenak Otxandianok. Ziurtatu du Jaurlaritzarekin akordioa lortzea izan dela hasieratik koalizioaren helburua, eta horretan ahalegindu dela. Bere hitzetan, Gasteizko Exekutiboaren helburua ez da izan "egitasmoa hobetzeko" neurriak adostea. Aitzitik, "euren posizio politikoetara batzea" bilatu dute. 

Jaurlaritzak bere azken proposamena atzo arratsaldeko 19:30ean helarazi ziela azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak. "Aurrekoaren ia berdina, 5 milioiko gehikuntzarekin eta gaur goizeko lehen ordurako erantzuteko ultimatum batekin", esan du. 

Besteak beste, 100 milioi euro gehiago jartzea proposatu dio Jaurlaritzak (lau urterako partida) koalizioari alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeko. Gainera, etxebizitza foroa martxan jartzea (mekanismoa legean jasota zegoen, baina oraindik ez da indarrean jarri) eta auzian udalek parte hartze handiagoa izatea proposatu da. Otxandianok argitu duenez, 2022ko aurrekontuen akordioan Jaurlaritzak onartu zuen kopuruaren erdia da hori.

Zentzu horretan, etxebizitzaren inguruan ituna ixtea zaila izango dela aitortu du, baina EAErako lanbide arteko gutxieneko soldata propioaren inguruan akordioa lortzea posible dela iritzi dio. "Aztertuko dugu eta ikusiko dugu zer gertatzen den hilaren 20ra bitartean", esan du. Zehaztu du EH Bilduk oraindik ez duela erabaki aurrekontuen bozketan zer bozkatuko duen.

Azkenik, akordiorik ezaren berria goizean hedabideei zabaldu izana, eurei ezer esan aurretik, gogor kritikatu du Otxandianok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak