Politika -

EAE-KO AURREKONTUAK

D'Anjouk aurrekontuen inguruko negoziazioak amaitu ditu, "azken egunera arte" akordioa bilatu ostean

Ogasun eta Finantza sailburuaren arabera, "azken egunera arte" hitz egiten jarraitu dute, baina "EH Bilduk azken proposamenari ezetz esan dio".

Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, gaur, kazetarien aurrean. EITB Media
Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, gaur, kazetarien aurrean
Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, gaur, kazetarien aurrean. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Noël d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuaren arabera, bukatu da EAEko aurrekontuen inguruan irekitako negoziazioa, eta, hortaz, ez dago aurrekontuak oposizioko taldeekin adosteko aukerarik, EH Bilduk azken proposamenari ezetz esan ondotik. Horren esanetan, "azken egunera arte" hitz egiten jarraitu duten arren, "ez da posible izan". EH Bilduk akordiorako aukerak ikusten ditu oraindik eta ez du amaitutzat jo aurrekontuen negoziazioa.

D'Anjouk agerraldia egin du eguerdian Gasteizen, aurrekontuen negoziazio prozesuaren berri emateko. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak "ahalegin handia" egin du "adostasun zabalagoa bilatzeko", baina, azkenean, ez da posible izan.

Azpimarratu du edozein kasutan Euskadik "aurrekontu onak" izango dituela, arreta "gure herriaren etorkizunean" jarrita eta "anbizioa oinarri hartuta". EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute Eusko Legebiltzarrean, eta, horrenbestez, 2025eko aurrekontuak aurrera aterako dira, oposizioaren babesik gabe.

D'Anjouren arabera, datorren urteko aurrekontuetarako babesak zabaltzeko egin duten ahalegina "benetakoa" eta "zintzoa" izan da. "Lanean jarraituko dugu, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko. Hitz eginez eta elkarlanean. Ziur nago horrela lan egiten jarraitzen badugu, aukera berriak izango ditugula etorkizunean", gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak oposizioko hiru alderdirekin abiatu zituen negoziazioak, baina PPk eta Sumarrek aurrekontuak negoziatzen ez jarraitzea erabaki zuten. Gainera, bi alderdi horiek osoko zuzenketak aurkeztu zizkioten aurrekontu proiektuari.

Ogasun eta Finantza sailburuaren iritziz, EH Bildurekin ez da akordioa posible izan bi gaitan soilik jarri duelako azpimarra (lanbidearteko gutxieneko soldata eta etxebizitza); aitzitik, Eusko Jaurlaritzak akordioa zabalagoa izatea nahi zuen.

Lanbidearteko gutxieneko soldataren inguruan akordioa gertu zegoela onartu du sailburuak, baina elkarrizketa mahaia dela horretarako bidea uste du, EH Bilduk foro horri zilegitasunik ematen ez diolakoan.

Etxebizitzari dagokionez, 100 milioi euro gehiago jartzea proposatu du Jaurlaritzak (lau urterako partida) alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeko. Gainera, proposatu zuen etxebizitza foroa martxan jartzea (mekanismoa legean jasota zegoen, baina oraindik ez da indarrean jarri) eta auzian tokian tokiko erakundeek parte-hartze handiagoa izatea.

Bestalde, aurrekontuen negoziazioa amaituta, D'Anjouk eskerrak eman dizkie prozedura horretan parte hartu duten alderdi guztiei, "formetan eta edukietan errespetuz" aritu direlakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Bizkaia Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia 2024 EH Bildu Bizkaia PSE-EE Bizkaia Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa EAEko Aurrekontuak