Politika -
EAE-KO AURREKONTUAK
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioan "itxurakeriaz" jardun izana egotzi dio Anduezak EH Bilduri
PSE-EEren idazkari nagusiak onartu du EH Bildurekin aurrekontuen inguruko akordioa lortzea espero zuela, baina ezetz esatea ere aurreikusi zitekeela.
AGENTZIAK | EITB Media
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak aitortu du EH Bildurekin aurrekontuen inguruko akordioa lortzea espero zuela, baina azkenean koalizioak "errealismo politikoa" albo batera utzi eta "itxurakeriaz" jardun duela, eta amaitutzat eman ditu negoziazioak.
Gaur, Eusko Jaurlaritzak itxitzat eman ditu datorren urteko aurrekontuak adosteko negoziazioak, EH Bilduk ezezkoa eman ondotik EAJ-PSE koalizioak egindako azken proposamenari.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Eneko Anduezak azaldu duenez, EH Bilduk aurrekontuak ez babestea aurreikusi zitekeen. Horren arabera, koalizio subiranistak ez du onartzen lanbidearteko gutxieneko soldatari lotutako gaiak elkarrizketa sozialaren mahaian jorratzea. Gainera, ELA sindikatuaren "preso" izatea aurpegiratu dio.
Bestalde, buruzagi sozialistaren iritziz, EH Bilduk azkenean bi gairi soilik erreparatu izanak (etxebizitza eta gutxieneko lanbidearteko soldata) erakusten du "kontuak onak" direla, hasieran esan baitzuen aurrekontu proiektuari 180 graduko itzulia eman nahi ziola.