Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Eusko Jaurlaritzak itxitzat eman du aurrekontuen negoziazioa, EH Bilduk azken proposamenari ezetz esan ostean

Hortaz, EAJ eta PSE-EEren koalizio gobernuak oposizioko taldeen babesik gabe aterako ditu aurrera datorren urteko aurrekontuak.

Bingen Zupiria, Euskadi Irratian
Bingen Zupiria, Euskadi Irratian
Bingen Zupiria, Euskadi Irratian

play icon 21:34

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak itxitzat eman du datorren urteko aurrekontuak adosten ahalegintzeko asmoz EH Bildurekin zabalik zuen negoziazioa, koalizio subiranistak EAJ-PSE koalizioak egindako azken proposamenari ezezkoa eman ondotik.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez, ez da azken orduko akordiorik izan EAJ-PSE koalizio gobernuaren eta EH Bilduren artean. Horrenbestez, 2025eko aurrekontuak Eusko Jaurlaritzako bi gobernukideen aldeko botoarekin aterako dira aurrera, oposizioaren babesik gabe.

Imanol Pradales lehendakaria buru duen koalizio gobernuak "ahalegin berezia" egin du, Zupiriaren arabera, oposizioko taldeekin elkartzeko eta proposamen ugari mahai gainean jartzeko. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak EH Bildurekin zazpi bilera egin ditu eta bost proposamen jarri ditu mahai gainean; azkena, atzo arratsaldean. Azken proposamen horretan, etxebizitzarako 100 milioi euro gehiago jartzea proposatu zuen, alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeko.

"Gaur goizean izan dugu EH Bilduren erantzuna eta ez du onartu Jaurlaritzak egindako azken proposamena, beraz, ez dago bideragarritasunik eta ez da egongo Jaurlaritza eta EH Bilduren arteko akordiorik", adierazi du. Gaineratu du, hala ere, oposizioko taldeekin (EH Bildu, PP eta Sumar) izandako bilera horietan ateratako hainbat kontu emendakinen bitartez aurrekontuetan sartuko dituztela.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu lege proiektuari aurkeztutako zuzenketa partzialak bozkatuko ditu gaur Eusko Legebiltzarrak (09:30ean hasita). Ogasun eta Aurrekontu Batzordean Jaurlaritzaren proiektuari aurkeztutako 763 zuzenketak eztabaidatu eta bozkatuko dira. Gehienak (634) PPk egin ditu; 62 Sumarri dagozkio, eta EH Bilduk 25 aurkeztu ditu. EAJk eta PSE-EEk 39 proposatu dituzte, eta EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek elkarrekin, 3.

Itxura guztien arabera, oposizioak aurkeztutako zuzenketa partzialak baztertu egingo dituzte gehiengo osoa duten EAJk eta PSE-EEk. Dena den, badago tartea abenduaren 20ko bilkurara arte, orduan jasoko baitute kontuek behin betiko onespena, eta ordura arte, zuzenketa batzuk aurrera ateratzerako modua dute taldeek.

Maddalen Iriarte EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak Euskadi Irratian azaldu duenez, gobernuena da aurrekontuak aurrera ateratzeko ardura eta "Gobernuak esan die ezetz EH Bilduren bi proposamenei". Dena den, EAJk eta PSE-EEk oraindik koalizio subiranistaren emendakinak babesteko aukera dutela azpimarratu du. Bestalde, argi utzi du EH Bilduk ez duela negoziazioa itxitzat eman eta kritikatu du Jaurlaritzak negoziazioak amaitu direla Euskadi Irratian iragarri izana, komunikatzeko modu horrek "politika zaharrei" erantzuten diela iritzita.

Iriarte: ''Euskal jendartearen bi arazo potolori aurre egiteari Gobernuak esan dio ezetz''
Iriarte: ''Euskal jendartearen bi arazo potolori aurre egiteari Gobernuak esan dio ezetz''
Iriarte: ''Euskal jendartearen bi arazo potolori aurre egiteari Gobernuak esan dio ezetz''

0:37

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak onartu du EH Bildurekin aurrekontuen gaineko akordioa lortzea espero zuela, baina azkenean koalizioak "itxurakeriaz" jokatu duela. Buruzagi sozialistaren arabera, EH Bilduk hasieran esan zuen aurrekontu proiektuari 180 graduko itzulia eman nahi ziola, baina azkenean bi gairi soilik erreparatu izanak (etxebizitza eta gutxieneko lanbidearteko soldata) erakusten du "kontuak onak" direla.

Andueza: ''EH Bilduk itxurakeriaz jardun du aurrekontuen inguruan, errealismo politikoz baino gehiago''
Andueza: ''EH Bilduk itxurakeriaz jardun du aurrekontuen inguruan, errealismo politikoz baino gehiago''
Andueza: ''EH Bilduk itxurakeriaz jardun du aurrekontuen inguruan, errealismo politikoz baino gehiago''

0:59
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Delituak albisteak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Irratia euskaraz