Politika -

SANCHEZEN LEHEN URTEA

Puigdemontek Sanchezi eskatu dio konfiantza-galdea egin dezala

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi eta Juntsen buruak iragarri duenez, Juntsek ekimen bat erregistratu berri du Parlamentuan, Pedro Sanchezek konfiantza-galdea egin dezan eskatzeko.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi eta Junts per Catalunyako burua. Iturria: EFE
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi eta Junts per Catalunyako burua. Iturria: EFE
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi eta Junts per Catalunyako burua. Iturria: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi eta Junts per Catalunyaren buruak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio konfiantza-galdea egin dezala, "Pedro Sanchez ez delako fidatzekoa, eta mesfidantza areagotu duelako". Junts per Catalunyak eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko akordioa sinatu eta urtebetera egin ditu adierazpenok.

"Oso eskuzabalak izan gara, baina ez du nahikoa egin gure konfiantza merezi izateko", adierazi du. Hitzok Bruselako Press Cluben esan ditu, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea presidente izendatzeko PSOErekin egindako akordioaren lehen urtea baloratzeko egindako hitzaldian.

Astelehen honetan erregistratu den legez besteko proposamenaren arabera, Sanchezek "ez du borondate politikorik" lortutako akordioak gauzatzeko, eta "dinamika horrek ez du ahalbidetu lortu nahi zen konfiantza-oinarria sortzea".

Puigdemontek nabarmendu duenez, jakin badaki ekimen hori ez dela loteslea, Espainiako Gobernuak bakarrik martxan jarri baitezake konfiantza-galdearen bidea Kongresuaren berariazko babesa eskatzeko, baina azpimarratu du akordioa aurrera eramateko lorpenak "urriak" direla, eta adierazi du "koordinaziorik eza" dagoela Suitzan bien arteko elkarrizketa-mahaian aztertzen denaren eta ondoren praktikan jartzen denaren artean.

Juntsen buruak errefusatu egin du Espainiako Gobernuak eta Kataluniako Gobernuak sustatzen duten "normaltasunaren narratiba", eta kritikatu du bere alderdiarentzat inbestidurarako akordioaren "hasiera" zen arren, PSOEk inbestidura lortzeko tresna gisa tratatu duela. "Kontua ez dabil ondo, eta inflexio-puntu batera iristeko edo askatzeko unea iritsi da", adierazi du Puigdemontek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Junts per Catalunya