Politika -
''Koldo auzia''
Abalosek ukatu egin du atzerrian dirurik edota ondarerik duela
"Estolda mediatiko" baten jomuga sentitzen da, eta penaturik dago "erabili eta botatzeko material" bihurtu dutelako, bere familia ere tartean sartuta. Espainiako Garraio ministro ohiaren iritziz, prozesu horretan bere intimitatea "lehertu" dute, eta aurretik zuten erabakita bera inputatzea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko Garraio ministro ohi Jose Luis Abalosek —Koldo auziagatik Auzitegi Gorenak inputatua— ukatu egin du atzerrian dirurik edota ondarerik duela, "ez zuzenean eramanda, ezta bitartekarien bidez ere". Hartara, erantsi du ezingo dituztela eskudiruz egindako ordainketak frogatu, ez duelako halakorik egin. "Dominikar Errepublikan argazkiak ditudan? Zer zerikusi dut nik horrekin guztiarekin?", galdetu du ministro ohiak El Pais egunkariari telefonoz emandako elkarrizketan, auzian nahasitako Victor Aldama komisionistak egindako akusazioen harira.
Abalosek ikertu gisa deklaratuko du abenduaren 12an, talde kiriminal bateko kide delakoan, eta funtzionarioen eroskeria, influentzia trafikoa eta dirua bidegabe erabiltzea egotzita. Horrekin lotuta, eta Aldamak esandakoa mintzagai, esan du "gezur asko" daudela tartean, "nahiz eta egia batzuk ere badiren, istorioa sinesgarria izan dadin, beharrezkoa baita egiaren bat edo beste esatea".
Horiek horrela, ukatu egin du Madrilgo Castellana pasealekuan kokatutako 1,9 milioi euroko etxebizitza bat jaso behar zuela, etorkizunean eraikuntza enpresa batzuek obra publikoko kontratuen truke egingo lizkioketen ordainketen "berme" gisa. "Etxebizitza horretan maizter bat zegoen. Ez dut gogoratzen kontratu hori sinatzera heldu nintzen ala ez, baina ezinezkoa zen gauzatzea".
Cadizko txalet batekin lotuta zabaldutako informazioaz esan du froga dezakeela alokairu kontratu bat duela, bere kontutik ordaindu zituela hileko kuotak, eta kaleratu egin zutela. "Hori guztia frogatuta geratu zen Ogasunaren 2022ko eta 2023ko azterketetan", erantsi du. Hidrokarburoen enpresari Carmen Pano ezagutzen duela ere ukatu du.
"Estolda mediatiko" baten jomuga sentitzen da Abalos, eta penaturik dago "erabili eta botatzeko material" bihurtu dutelako, bere familia ere tartean sartuta. Espainiako Garraio ministro ohiaren iritziz, prozesu horretan bere intimitatea "lehertu" dute, eta aurretik zuten erabakita bera inputatzea.