Politika -
41. Kongresu Federala
Aroa Jilete eta Nora Abete euskal herritarrak PSOEren zuzendaritzan sartuko dira
Santos Cerdan iruindarrak alderdiaren Antolakuntza idazkari izaten jarraituko du, Patxi Lopezek ere zuzendaritzan jarraituko du, eta Sanchezek alderdiaren nukleoari eutsiko dio.
agentziak | eitb media
Aroa Jilete eta Nora Abete euskal herritarrak daude PSOEren zuzendaritzan sartuko diren 16 kideen artean. Aurrerantzean 54 kide izango ditu PSOEren Exekutibak.
Jiletez eta Abetez gain, PSE-EEk Patxi Lopez lehendakari ohia eta PSOEren Kongresuko bozeramailea izango du zuzendaritzan.
Bestalde, Idoia Mendia, Miguel Angel Morales, Mikel Duran, Begoña Gil eta Maider Etxebarria Batzorde Federaleko kide izango dira, eta Santos Cerdan iruindarrak alderdiaren Antolakuntza idazkari izaten jarraituko du.
Maria Chivite Nafarroako presidente eta PSNren idazkari nagusiak esan du Nafarroa "indartuta" aterako dela Kongresutik, eta Eneko Andueza PSE-EEren burua gustura agertu da bere alderdikideek PSOEren zuzendaritzan izango duten pisua handitu egingo delako.
Aroa Jilete (1992) gasteiztarrak Turismo Idazkaritzaren ardura hartuko du. Legebiltzarkide da 2023ko hauteskundeetatik.
Turismo eta Ostalaritza zuzendari izan zen Eusko Jaurlaritzan 2023tik 2024ra, prokuradore Arabako Batzar Nagusietan (2019-2020), eta Eltziegoko zinegotzi aurreko legegintzaldian.
Bestalde, Nora Abete Merkataritza eta Kontsumo idazkari izango da PSOEren Exekutiban. 1985ean jaioa, alkatearen ondokoa eta Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotzia da Bilboko Udalean. 2016tik 2019ra Kontsumobideren zuzendari izan zen.
Nukleoak bere horretan jarraitzen du
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta PSOEren idazkari nagusiak alderdiaren nukleo gogorrari eustea erabaki du asteburu honetan egiten ari diren 41. Kongresu Federalean.
Sanchezek idazkariorde nagusi karguan utzi du Maria Jesus Montero, eta Antolakuntza idazkaritzan Santos Cerdan. Felix Bolaños, Oscar Puente, Pilar Alegria, Elma Saiz, Jordi Hereu eta Isabel Rodriguez ministroek ere alderdiko karguei eutsiko diete.
Ministroen Kontseiluan dauden sozialistetatik, Ana Redondo Berdintasun ministroak eta Diana Morant Zientziakoak ez dute jarraituko Exekutiban. Bigarrena Valentziako PSOEren idazkari nagusi izango da. Teresa Ribera ere ez da zuzendaritza berrian egongo, Europako Batzordera joan ostean.
Pilar Bernabe Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkaria izango da Berdintasun idazkari berria, eta Alejandro Soler Alacanteko diputatua izango da Udal Politikako idazkaria.
Kostako Udalen idazkaritza berrian Anabel Mateos izendatu dute. Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate idazkari berria Javier Alfonso Cendon izango da, Cerdanengandik oso gertu dagoena.
Emma Lopez Madrilgo Udaleko zinegotzia izango da Politika Ekonomikoko eta Eraldatze Digitaleko idazkari berria.
Gainera, Ana Maria Fernandez izango da Hezkuntza eta Lanbide Heziketako idazkari berria, eta Borja Cabezon Ekintza Demokratikoko eta Gardentasunekoa. Politika Sozialen, Adinekoen eta Mugimendu Sozialen ardura, berriz, Manuela Bergesen esku geratuko da.
Sanchezek Kilian Sanchez Tenerifeko senataria aukeratu du Osasun eta Kontsumo idazkari, eta Cesar Mogo PSOEren Atzerriko arduradun.
Eugenia Gomez, Milagros Tolon, Tania Baños, Jorge Gallardo eta Maria Soledad Sanchez izango dira bokal berriak, eta zuzendaritza utziko dute Marisol Mateosek, Idoia Mendiak, Patricia Blanquerrek, Pedro Casaresek, Luz Martinez Seijok, Maria Nieves Ramirezek, Amparo Marco Gualek, Carolina Dariasek eta Pilar Cancelak.