Politika -
KOLDO AUZIA
Aldama "beldur" da: "Zerbait gertatzen bazait, jardun behar dudanaren aurka egingo dut"
'Koldo auzian' ustez zubilana egiten zuen enpresaburuak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari erantzun dio. Hark "gaizkilea" eta "pertsonaia" izatea leporatu zion Aldamari. Gaur, Aldamak erantzun du Sanchezek "emaztea eta anaia" inputatuta dituela eta, hala ere "dimisioa" ez duela ematen .
EITB MEDIA
'Koldo auzian' ustez zubilana egiten zuen enpresaburuak, Victor de Aldamak, Pedro Sanchez Espainiako presidenteari erantzun egin dio. Hark "gaizkilea" eta "pertsonaia" izatea leporatu zion Aldamari. Gaur, Aldamak erantzun du Sanchezek "emaztea eta anaia" inputatuta dituela eta, hala ere "dimisioa" ez duela ematen.
"Niri gaizkile deitzen dit bere emaztea (Begoña Gomez) inputatuta duen gizon batek, bere anaia (David Sanchez) inputatuta duenak, eta bere Gobernuko bigarrena (Jose Luis Abalos) inputatuta duenak. Eta ez du dimisioa ematen... ez dakit", erantzun du COPEri eskainitako elkarrizketan.
"Nik ez dakit zer gehiago frogatu behar dudan, baina arazorik ez dago, Fiskaltzaren aurrean esandakoaren frogak jartzen ari gara", gaineratu du.
Gainera, Aldamak esan du "beldurra" duela bere segurtasunarengatik, Auzitegi Nazionalean Gobernuko eta PSOEko Exekutibako hainbat kide seinalatu ostean, eta ohartarazi du une honetan zerbait gertatzen bazaio "jo behar duenaren aurko joko duela".
Aldamaren iritziz, "ergela litzateke" une honetan zerbait gertatzea, baina ikusi duena ikusita ezin du esan gertatuko ez denik.
"Badakit zaindu egin behar dudala neure burua, edozein astakeria asmatu dezaketela nire aurka, gauzak atera daitezela, adibidez, nik gai jihadistarekin kolaboratu dudala", azaldu du enpresaburuak, "biharko egunean" zerbait gerta dakiokeela ohartaraziz, eta "beste etsai mota bat nuela" azpimarratuz.