Politika -

PSOE

Juan Lobatok Madrilgo PSOEren idazkari nagusi karguan jarraituko du

Auzitegi Gorenak lekuko gisa deklaratzera deitu du ostiralean Isabel Diaz Ayusoren bikotekideaz idatzitako mezuak direla eta, eta PSOEren hainbat kargudunek dimititu dezan eskatu dute.

Juan Lobato, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE
Juan Lobato, artxiboko argazki batean
Juan Lobatok PSOEko kideen ''lintxamendua'' salatu du

0:47

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Lobato Madrilgo PSOEren idazkari nagusiak karguan jarraituko du, eta entzungor egin dei dimisioa emateko alderdi barrutik egindako eskariei. Buruzagi sozialistak Moncloako kargudun batekin (Pilar Sanchez Acera) WhatsApp bidez trukatutako mezuak notario aurrean erregistratu dituela jakin ostean lurrikara sortu da Alderdi Sozialistaren barruan; are gehiago, ostegunean PSOEren kongresu federala hasiko dela kontuan izanda. Elkarrizketa horrek lotura dauka Alberto Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko bikotekideak ustez egindako delitu fiskalekin.

Alderdikideek"lintxamendua" egin diotela salatu du Madrilgo PSOEren idazkari nagusiak, Madrilgo Asanblean gaur goizean egin duen galderarik gabeko agerraldian. Kezkatuta agertu da alderdi barruan bere aurka sortu den giro erasokorragatik, baina Alderdi Sozialistan barne demokrazia dagoela nabarmendu du. 

Atzo jakin ahal izan zenez, Juan Lobatok Pilar Sanchez Acerarekin —Pedro Sanchez presidentearen kabinete burua izandakoa eta gaur egun Oscar Lopez Transformazio Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministroaren kabinete burua dena— WhatsApp bidez izandako elkarrizketa bat notario aurrean erregistratu zuen.

Lobatok atzo egindako kontakizunaren arabera, Madrilgo PSOEren Politika Instituzionalerako idazkari ere baden Sanchez Acerak e-mail bat bidali zion martxoaren 14an, eta mezu horretan Isabel Diaz Ayusoren bikotekideak delitu fiskalak egin izana aitortzen zuen. Gaineratu zuen dokumentazio hori hedabideek eman ziotela, eta ez Fiskaltzak. Gaurko agerraldian ildo beretik hitz egin du, eta, azaldu duenez, ez du aurreikusten jatorria hedabidea ez izatea, uste baitu hori "oso larria" izango litzatekeela. 

Halaber, PPkoek egindako kritikei ere erantzun die Madrilgo PSOEren buruak. PSOE "sekta" bat dela ukatu du, eta 145 urteko ibilbidea duen alderdi demokratikoa dela azpimarratu du, "eredugarriak" diren militante eta politikariak dituena.

Auzitegi Gorenak Lobato lekuko gisa deklaratzera deitu du datorren ostiralean, Isabel Diaz Ayusoren bikotekideaz idatzitako mezuen harira eta Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiaren aurka irekitako auziaren barruan. Azken horri, Alberto Gonzalez Amadorren inguruko informazioa Pilar Sanchez Acera buruzagi sozialistari bidaltzea leporatzen diote.

Azken orduetan PSOEko hainbat kidek Lobatoren dimisioa eskatu dute, konfiantza "hautsi" dela argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Alderdi politikoak albisteak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Madril gaur