Politika -

Sabino Aranaren urteurrena

Ortuzar: "Euskadiren interesek Espainiako Gobernuarekin talka eginez gero, EAJk horren arabera bozkatuko du"

EAJren buruak "exijentziak handitzen eta adierazpenen dezibelioak igotzen" aritzea leporatu die Gobernuko "ustezko kide" batzuei.

Sabino Aranari omenaldia, Sukarrietan. Argazkia: EFE
Sabino Aranari omenaldia, Sukarrietan. Argazkia: EFE
Sabino Aranari omenaldia, Sukarrietan. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak ohartarazi duenez, bere alderdiak "Euskadi du jomugan, ez besterik", eta "ez du atzera egingo ustezko egonkortasun bati eusteko". Hori horrela, "Euskadiren interesek Espainiako Gobernuarenekin talka eginez gero, EAJk horren arabera bozkatuko eta jokatuko du", erantsi du.

"Eta bidea zabaltzen dugu Nafarroak ere bide beretik jo dezan, bere garaian Trafiko eskuduntzarekin egin genuen bezala. Hori ere autogobernua zabaltzea da, euskaldunon interesak Madrilen defendatzea", aldarrikatu du.

Sukarrietan (Bizkaia) egin ditu adierazpen horiek EBBko buruak, Sabino Arana EAJren sortzailearen heriotzaren 121. urteurrenean. Besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria eta lurraldeetako presidente izendatu berriak izan dira bertan.

Ortuzar kezkatuta agertu da Espainiako Estatuan giro politikoa ez delako "batere eraikitzailea", eta orain, "PPren eta Voxen etengabeko erasoak gutxi balira bezala, Gobernuko ustezko kideak ari dira jarrera politikoak gehiegitzen, adierazpenetan dezibelioak igotzen eta exijentziak handitzen, eta horrek ez du ezer onik ekarriko", gaineratu du.

"Ez da norberaren maximoetara iritsi nahi izateko unea, baizik eta gutxieneko komun batera heltzekoa, legegintzaldiak jarrai dezan eta benetan nahitaezkoak diren gauzek aurrera egin dezaten", azpimarratu du.

EAJren presidentearen ustez, "autogobernu berri baterantz igarotzeko aukera" dago, alegia, "Euskadirentzat eta bere lurraldeentzat autogobernu zabalago eta hobeago bat" erdiesteko aukera. Horregatik, esan du EAJk bere esku dagoen guztia egingo duela, prozesua ongi atera dadin, lehenengo Euskadin eta gero Madrilen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak