Politika -
Izendapena
Sara Aagesen izango da Espainiako Gobernuko presidenteordea, Teresa Riberaren ordez
Gaur egun Energia estatu idazkaria denak hartuko du Teresa Riberak utzitako tokia Trantsizio Ekologirako Ministerioan, hainbat hedabidek jakitera eman dutenez.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Gobernuak Sara Aagesen egungo Energia estatu idazkaria aukeratu du Trantsizio Ekologikorako ministro eta hirugarren presidenteorde izateko, Teresa Riberaren ordez, hainbat hedabidek jakitera eman dutenez.
Europako Batzorde berriaren onarpena desblokeatu ostean, Teresa Ribera izango da presidenteorde exekutiboa ez ezik, Lehiakortasun eta Trantsizio Berderako komisarioa. Hortaz, Teresa Riberak Espainiako Gobernuan utziko duen tokia Sara Aagesen estatu idazkariak beteko du.
Orain arte Teresa Riberaren bigarrena izan den eta profil teknikoa duen Sara Aagesenen aldeko apustua egin du Espainiako Gobernuak aipaturiko bi karguetarako.
1976an Madrilen jaioa, ingurumen gaietan espezializatutako ingeniari kimikoa da eta 2020ko urtarrilaz geroztik Espainiako Energia estatu idazkaria izan da.
Ez da Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak azken aldian bere gobernuan egin duen aldaketa bakarra. Duela gutxi, Oscar Lopez izendatu du Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko ministro, Jose Luis Escrivaren ordez. Azken hori Espainiako Bankuko gobernadorea da orain.