Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: 'Koldo auzia', elikagaien bilketa handia eta Gabonetako argiak piztuko dituzte Gasteizen
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 22an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- 'Koldo auzia': Victor de Aldama enpresariak, "Koldo auzia" delakoaren ustezko buruak, epailearen aurrean adierazi duenez, PSOEren Antolakuntza idazkariak, Santos Cerdanek, 15.000 euro zekartzan gutun-azal bat jaso zuen, orduko Garraio ministro Jose Luis Abalosi 250.000 euro eman zizkion, eta azken horren aholkulari izandako Koldo Garciari 100.000 euro. Komisioak ordaindu zituela deklaratu ostean, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Victor de Aldama enpresaburua aske uztea erabaki du. Pedro Sanchezek asmakeriatzat jo ditu Aldamak esandakoak, eta frogak dituela erantzun dio enpresariak.
- Elikagaien Bilketa Handia: Elikagai bankuen bilketa kanpaina handia asteburu honetan egingo da, azaroaren 22an eta 23an. Laguntzeko hainbat modu daude: atxikitako supermerkatuetan elikagaiak eta produktuak emanda, ekarpen ekonomikoa eginda, eta boluntario gisa parte hartuta. Zer elikagai eman daitezke? Oinarrizko elikagaiak (esnea, olioa, pasta, arroza edo lekaleak), kontserba latak, edo haur txikientzako elikagaiak (esnea edo potitoak).
- Gabonetako argiak Gasteizen: Eguberrietako argiak piztuko dituzte Gasteizko Plaza Berrian, 18:00etatik aurrera. Ekitaldian izango dira Maider Etxeberria alkatea ez ezik, Zuzenak saskibaloi taldeko jokalariak eta Agurtzane Eguiluz, Naiara Rodríguez eta Laura Ugarte kirolari paralinpiko arabarrak. Halaber, Donostiako Udalak Gabonetako kanpaina aurkeztuko du 11:00etan udaletxean.