Politika -
Bisita ofiziala
Lehendakariak eskualdeak eta nazioak aintzat hartzen ez dituen EBren eredu zentralizatzaile bat errefusatu du
Imanol Pradalesek Europako erakundeetara egin duen lehen bidaia ofiziala itxi du 'Power Regions of European Summit' foroan.
EITB Media
Imanol Pradales lehendakariak Europako eskualdeen foro batean parte hartu du gaur arratsaldean, eta bertan defendatu duenez, "Europar Batasuna ezin da izan estatu kideen klub bat", eraginkortasunaren ikuspegitik, "zentralizazioa guztiz kaltegarria izango litzatekeelako".
Pradalesek Europako erakundeetara egin duen lehen bidaia ofiziala itxi du 'Power Regions of European Summit' foroan.
Bere hitzaldiaren hasieran ohartarazi du Europak "egoera geopolitiko kezkagarri bati" egin behar diola aurre, eta egoera horri erantzuteko EB indartsuago bat behar dela, bake eta garapen iraunkorrerako irtenbideak aurkitzeko.
Xede horrekin, Europaren sorrerako printzipioak sustatzearen alde agertu da, "Europa osatzen duten eskualde eta nazioetatik abiatuta eraikitako Europa".
Pradalesek uste du eskualdeek gidatu behar dutela EBren defentsa industrialeko estrategia, eta argi utzi du "guztia eskualdeentzat, baina eskualderik gabe" ereduan oinarritutako "kohesio despotikoko politika" baten aurka dagoela.
Lehendakaritzak ohar batean gogorarazi duenez, Austria Beherearen eta Bavariaren ekimenez, EBko 70 eskualde baino gehiagok bat egin dute egiturazko funtsen kudeaketa zentralizatzearen aurkako jarrera defendatzeko.
'Power regions' goi-bileraren helburua, Lehendakaritzaren arabera, "Europar Batasunaren potentzial berritzaile eta ekonomikoaren zati handi bat" ordezkatzen duten eskualdeak EBko erakundeen aurrean indartzeko beharra defendatzea da.
Ordu batzuk lehenago, lehendakaria Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentearekin bildu da, eta Europako Ganberako osoko bilkuretan euskara erabiltzeko eta ardatz atlantikoa bultzatzeko eskatu dio.
"Euskarak espazioak irabazten jarraitu behar du Europa osoan ere, eta europar guztien ondare unibertsala den hizkuntza gisa aitortua izan behar du", azpimarratu du Europako Parlamentuan euskal eurodiputatuekin bildu ostean.
Ildo horretan, "oso garrantzitsua da abenduan egingo den bilera, Euroganberan euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna jorratzeko".
Pradalesek ere batzar bat izan du gaur Alison Hunter eta Almut Mollerrekin, European Policy Centre think thank delakoaren arduradunekin, Europaren integrazioa analisiaren eta eztabaidaren bidez sustatzera bideratua.