Politika -
Bitkimak
Bengoetxeak, Atalase eskultura multzoaren harira: "Cabacasen gurasoen mina eta haserrea ulertzen ditut"
Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak esan du ez dakiela nola egin duen Bilboko Udalak biktimen omenezko gune berria. Bertan, Iñigo Cabacasen heriotza "behar beste argitu ez diren kasuak" multzoan sartu dute, eta familiak zuzenketa eskatu du.
Agentziak | EITB Media
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan duenez, ulertzen ditu Iñigo Cabacasen gurasoen "mina eta haserrea" Bilboko Udalaren Atalase eskultura multzoan semearen heriotza "behar beste argitu ez diren kasuak" multzoan sartu duela eta.
Atalase terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen omenezko memoriagunea astelehenean inauguratu zuen Bilboko Udalak, eta bertan Iñigo Cabacas Ertzaintzaren pilotakada batek jota hildako gazteari emandako lekuagatik zuzenketa eskatu zuen atzo Cabacas Lizeranzu familiak.
"Ez dakit nola egin duten zerrenda hori, baina ulertzen ditut gurasoen mina eta haserrea, ez da batere erraza semea horrela galdu izana. Minari dagokionez, kontuz ibiltzen saiatzen naiz, ezagutzen dudalako, eta batzuetan hitzek min gehiago eragin dezaketelako", adierazi du.
Lehendakariordearen aburuz, "memoria kritikoa beharrezkoa da" eta horretarako "ezinbestekoa da jakitea zer gertatu zen, nondik gatozen eta non gauden gutako bakoitza, erronka da gizartearentzat, baina baita gutako bakoitzarentzat ere".
Nabarmendu duenez, "guri dagokigu memoria hori eraikitzea eta biktimen memoriaren eta euren senitartekoen mina erreparatzea. Eskultura hori biktima guztiak aintzat hartzeko da, hurrengo belaunaldiei egin diegun eskaintza".
Auziaz galdetuta, Atalase memoriagunean gertatutakoa "aztertzeko prest" azaldu da Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusia Euskadi Irratian. "Mina egiten bada, eta min hori erreparatzeko moduan bagaude, uste dut posible egin behar dugula", erantsi du. Izan ere, azpimarratu duenez, berak ez du uste "biktimen artean alderik" dagoenik eta zentzu horretan "beti" egingo du justiziaren eta erreparazioaren alde.