Politika -
AKORDIOA
Itun historikoa itxi dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik, Iruñeko Erorien Monumentua esanahiz aldatzeko
Eguerdian emango dituzte akordioaren xehetasunak hiru taldeotako ordezkariek 12:00etan, Iruñean, egingo duten agerraldian. Ez dute eraikin osoa eraitsiko, memoriaren aldeko 30 taldek azken urteotan eskatu bezala. Esanahia aldatu, eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko espazio bihurtuko dute.
EITB MEDIA
Akordio historikoa itxi dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik, Iruñeko Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko. Espainiako Gerra Zibilean Frankismoaren alde borrokatuz hil ziren nafarren oroimenez 1941ean eraikitako monumentu bat da.
Joan den otsailean abiatu zuen Iruñeko Udalak prozesua, eraikinaren etorkizunaz erabakitzeko. Mahai gainean, gaiari buruz 2019an egin zen lehiaketan hautatutako zazpi proposamenak izan dituzte: horietako batek eraikina behera botatzea proposatzen zuen, eta gainerako seiek beste esanahi bat ematea, eraikina osorik edo parte bat mantenduta eta erabilpen berriak emanda. Azkenean, hainbat hilabetean negoziazioak egin ondoren, hiru talde aurrerakoiek monumentuari beste esanahi eta erabilera bat ematea adostu dute.
Eguerdian emango dituzte akordioaren xehetasunak, hiru taldeotako ordezkariek 12:00etan egingo duten agerraldian. Nolanahi ere, orain arte zabaldutako datuen arabera, eraikin frankista behin betiko eraldatzea adostu dute; besteak beste, kupula sinbolikoa estali egingo da eta zati bat eraitsi, hain zuzen, Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneralen hilotzak hartu zituen kripta desagerrarazteko.
Beraz, ez dute eraikin osoa eraitsiko, memoriaren aldeko 30 taldek azken urteotan eskatu bezala. Esanahia aldatu, eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko espazio bihurtuko dute; frankismoaren krimenak eta biktimak oroitzeko gunea izatea nahi dute.
Akordio honekin, amaiera eman nahi diote Iruñean urte luzeetan egon zen eztabaida politiko eta sozialari.