Politika -
Goialdeko borraska
Francisco Jose Gan Pampols teniente jenerala izango da Valentziako Gobernuko errekuperaziorako presidenteordea
Valentziako Generalitateak susperraldi ekonomiko eta sozialerako presidenteordetza sortu du, urriaren 29ko goi-geruzetako depresio isolatuaren osteko berreraikuntzari aurre egiteko eta hondamendien aurreko prebentzioa indartzeko.
Agentziak | EITB Media
Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak bere gobernua berritzen jarraitzen du, eta Francisco Jose Gan Pampols Espainiako Lurreko Armadako teniente jenerala aukeratu du susperraldi ekonomiko eta sozialerako presidenteordetza kargurako.
Valentziako Gobernuak susperraldi ekonomiko eta sozialerako presidenteordetza sortu du, urriaren 29ko goi-geruzetako depresio isolatuak kaltetutako udalerrietako berreraikuntzari aurre egiteko eta normalizazio ekonomiko eta soziala berrezartzeko.
Presidenteordearen eginkizunen artean egongo da errekuperazio plana diseinatzea eta kaltetutako eremuetako berreraikuntza lanak koordinatzea. Halaber, Valentziako Gobernuko departamentu ezberdinek berreraikuntzari lotuta egingo duten lana koordinatuko du.
Halaber, hondamendi naturalen aurreko prebentzioa indartzeko plana garatzeko eginkizuna izango du presidenteorde berria.
Francisco Jose Gan Pampols teniente jeneralak 66 urte ditu eta misioetan parte hartu du Bosnia-Herzegovinan, Kosovon eta Afganistanen. Hala ere, gaur egun erretiratuta dago.