Politika -
Ogasun Batzordea
PSOEk energetikoen zergari eustea adostu du EH Bildu, ERC eta BNGrekin, Juntsek betoa ezar liezaiokeen arren
Saio luze bezain kaotiko batean (azken bozketa 01:00ean egin zen), Kongresuak multinazionalei zerga ezartzea eta energia enpresen gainekoa luzatzea onartu du. Neurriok osoko bilkuran bozkatuko dituzte ostegunean, eta zalantza dago Juntsekin, berez, argindar enpresei zerga ezartzearen aurka baitago.
Agentziak | EITB Media
Zazpi orduko negoziazio malkartsuaren ostean, 01:00ak aldera heldu da akordioa, ozta-ozta. Diputatuen Kongresuak multinazionalei zerga ezartzea (Europako zuzentarau batek behartutako neurria) eta zerga erreformaren zati bat onartzea lortu du Ogasun Batzordean. Azken horretarako, ituna lortu du PSOEk EH Bildu, ERC eta BNG taldeekin. Horren arabera, banketxeei ezarritako zerga igo, eta energia enpresen gainekoa urtebetez luzatuko dute; horretarako, errege dekretu berri bat onartuko duela hitzeman du Espainiako Gobernuak.
Batzordearen izapidea gaindituta —inbestidura blokearen aldeko botoekin, eta PP eta Voxen kontrakoekin—, neurri fiskalok osteguneko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dituzte, baina orduantxe ikusiko da Juntsek zer egingo duen. Izan ere, Puigdemonten alderdikoek PSOErekin adostu zuten argindar enpresen gaineko zerga bertan behera uztea (asteleheneko bozketan, sorpresaz, neurri fiskalen alde bozkatu du). Gainera, Ogasun Ministerioak zehaztu du deskarbonizazioa burutzeko inbertsioak egiten dituzten argindar enpresei ez dietela zergarik ezarriko, ezkerreko taldeekin adostutakoa gorabehera.
Akordioa EH Bildu, ERC eta BNG taldeekin
Asteleheneko eztabaida tentsio handikoa izan da, eta negoziaziorako hainbat eten egin dituzte taldeek. Azken gidoi aldaketa 23:00 aldera iritsi da, eta orduan iragarri dute ezkerreko taldeek PSOErekin akordioa lortu dutela. Horri esker atera da aurrera bozketa, eta gobernuko koalizioaren taldeek inbestidura bazkideen babesa izan dute.
Adostutakoaren arabera, banketxeei ezartzen zaien zerga hazi egingo da, eta argindar enpresei ezarritakoa urtebetez luzatuko da Espainiako Gobernuak propio onartu beharko duen errege dekretu batean (hori ere Kongresuak onartu beharko du, eta hor dira sortzekoak zailtasunak, Juntsen balizko betoa dela eta).
EH Bilduk, ERCk eta BNGk ohar bateratua atera dute, eta zehaztu banketxeen gaineko zerga EAEko zein Nafarroako ogasunekin kontzertatuta egongo dela (hori da, hain justu, EAJk PSOErekin hitzartu duen puntuetako bat).
Aurrez, EH Bilduk esan du argindar enpresen gaineko zerga ezartzea ezinbestekoa dela koalizio abertzalearentzat.
Multinazionalen gaineko zerga
Aipatutakoez gain, Batzordeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga 300.000 eurotik gorako aurrezki errentetan (% 28tik % 30era) bi puntu igotzea eta sozietateen gaineko zerga milioi bat euro baino gutxiago fakturatzen duten kooperatiba eta enpresei jaistea eta jarduera artistikoen zerga-ordainketa hobetzea ere onartu du.
Halaber, Gizarte Segurantzako kuoten hobari bat onartu da irabazi asmorik gabeko kirol klub eta elkarteentzat.
Multinazionalentzat sozietateen gaineko zergaren gutxieneko tasa % 15ekoa izango dela finkatzen duen proiektuak barneratuko ditu ekimen horiek. Europako zuzentarau batek hala ezartzea derrigortu zuen, eta Espainiako Gobernuak halabeharrez bete behar zuen, urratuz gero, milioi askoko isuna jartzea aurreikusita baitzuen Bruselak.