Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Lehendakariaren bidaia, Ukrainako gerrak 1.000 egun eta EHUko hauteskunde eztabaida
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 19an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Lehendakariaren lehen bidaia ofiziala: Imanol Pradales lehendakaria Luxenburgora eta Bruselara joango da gaur-biharretan, Europar Batasuneko instituzioen aurrean Makroeskualde Atlantikoaren sorrera eta euskararen ofizialtasuna defendatzeko, besteak beste. Pradalesek nazioartean lehendakari gisa egingo duen lehen bidaia ofiziala izango da. Lehendakaria Europako erakundeetako hainbat ordezkarirekin bilduko da, tartean, Nadia Calviño Europako Inbertsio Bankuko presidentearekin eta Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentearekin.
- Ukrainako gerrak 1.000 egun bete ditu: Ukrainako gerrak 1.000 egun bete ditu. Errusiak egunero aurrera egiten jarraitzen du ekialdean, eta Ukrainak soldadu gehiago behar ditu. Hala ere, azken orduetan aldaketa garrantzitsu bat izan da Ameriketako Estatu Batuetatik jasotzen ari den laguntzan: ATACMS misilak Errusiako lurraldean erabiltzeko aukera. Dumaren —Errusiako diputatuen ganberaren— presidenteak ohartarazi duenez, Ukrainari irismen luzeko misilak erabiltzeko baimena emateak "Ukrainaren etorkizuna eta zortea baino ez ditu okertuko".
- EHUko hauteskunde eztabaida: Eva Ferreira eta Joxerramon Bengoetxea, EHUko errektoretzara bere burua aurkeztu duten bi hautagaiak, aurrez aurre izango dira Leioako campuseko Areto Nagusian eguerdian egingo den hauteskunde eztabaidan. EHUko Ikasleen Kontseiluak antolatutako eztabaida izango da eta horren presidente Iñigo Ugedok gidatuko du. Hauteskunde kanpainan murgilduta daude Ferreira —gaur egungo errektorea— eta Bengoetxea —errektoregaia—, eta baita bien lantaldeak ere. Hauteskundeak azaroaren 26an egingo dira.