Politika -
Polemika
Jaurlaritzak espetxeetako kultura emanaldiei baldintzak gogortzea erabaki du Muguruzaren kontzertuaren ondotik
"Biktimak minduta ez sentitzea" omen da Justizia Sailaren helburua. Abeslariak erabakia harriduraz hartu du, EITBri esan dionez, "21 urte dira Eusko Jaurlaritzak adierazpen askatasunaren aldeko adierazpen instituzionala egin zuela".
EITB Media
Hautsak harrotu ditu asteburuan Fermin Muguruzak Martuteneko kartzelan eskaini zuen kontzertuak. 'Sarri, Sarri' abestu zuen. Kortatu taldeak 1985ean egin zuen abestia. Iñaki Pikabea eta Joseba Sarrionandia ETAko kideen ihesa du oinarri. Biek Martutenetik egin zuten ihes.
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak zenbait kexa jaso ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko presondegietan eskaini behar diren kultura emanaldiei baldintzak gogortzea erabaki du. "Biktimak minduta ez sentitzea" omen da Maria Jesus San Josek gidatutako Sailaren helburua.
Fermin Muguruzak erabakia harriduraz hartu du. EITBri esan dionez, "21 urte dira Eusko Jaurlaritzak adierazpen askatasunaren aldeko adierazpen instituzionala egin zuela, La Pelota Vasca filmak jasandako zentsuragatik Medemi elkartasuna adieraziz, baita Muguruza berari ere, hain zuzen ere 'Sarri, Sarri' abestiagatik bertan behera utzitako kontzertuengatik".
'Sarri, Sarri' larunbatean entzun zen lehen aldiz Martuteneko kartzelan. Auzokideek grabatutako bideoa biralizatu eta Fermin Muguruzak berak zabaldu zuen "debekuaren madarikazioa apurtu" zutela aldarrikatuz.
Justizia Sailak zenbait kexa jaso ostean, espetxeetan jotzeko eskakizunak zorroztea erabaki du. 'Sarri, Sarri' entzunda, biktimak minduta senti daitezkeela ulertzen dutela diote Maria Jesus San Joseren Saileko iturriek.
Beraz, hemendik aurrera kartzeletako kultura jarduera orok "biktimak ez mintzeko konpromisoa" bete beharko du.
Orain arte, kartzela batean jotzeko muga bakarra aurrekari penalik edo polizialik ez izatea zen. Hala ere, jasotako kexen ondoren eskakizunak areagotu egingo dira.
"Edozein proposamen kulturalek balioak errespetatzeko, presoak gizarteratzen laguntzeko eta, garrantzitsuena, biktimak ez iraintzeko konpromisoarekin iritsi behar duela eskatuko da", zehaztu dute iturriek.
Ildo horretan, Justizia Sailak deitoratu egin du larunbat honetan gertatutakoa, eta barkamena eskatu die 'Sarri, Sarri' abestia entzun ondoren irainduta sentitu diren biktima guztiei.