Politika -
VALENTZIA
Mazonen kontrako zentsura mozioa aurkeztea proposatu du Compromisek
Joan Baldovi buru duen alderdiak (15 diputatu) sozialistei (31 diputatu) eskatu die babesa, Valentziako presidentearen aurkako zentsura mozioak aurrera egin dezan hango Parlamentuan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Carlos Mazon Valentziako presidenteak karguan jarraitzeko "zilegitasunik" ez duela iritzita, Compromis taldeak Parlamentu valentziarrean haren kontrako zentsura mozioa aurkeztuko duela iragarri du. Joan Baldovi ezkerreko alderdiaren buruak azaldu du Mazon ez dela gai izan gutxienez 219 hildako utzi dituen Goi-geruzetako Depresio Isolatua (GOIDI) kudeatzeko. "Ez du jakin tragediaren aurrean lidergoa hartzen, eta ez du zilegitasunik berreraikitzea gidatzeko", esan du, Generalitatearen atarian, gaur eguerdian, egindako adierazpenetan.
15 diputatu ditu Compromisek Valentziako Gorteetan, eta zentsura mozioak aurrera egiteko, beste 20ren babesa beharko luke, gutxienez. Hala, PSOEri eskatu dio babesa Baldovik; 31 diputatu dituzte sozialistek.
Ezkerreko buruzagiaren arabera, "duintasunagatik" da "beharrezkoa" zentsura mozioa aurkeztea, "azkenean, aurrera egingo ez badu ere". Erantsi du euren asmoa ez dela "Generalitatean kargu bat" izatea, Mazon karguan "minutu bakar bat gehiago ez egotea" baizik.