Politika -
Aitortza
Mila Esker elkarteak omenaldia egin dio Atutxari, polizia erakundearen defentsan egindako lanagatik
Ertzainek omenaldia egin nahi izan diote Atutxari, ETAren mehatxupean egon arren erakundeen defentsan izan zuen konpromisoagatik. Horrela, polizia izan gabe ertzain elkarte honen aitortza jaso duen lehen pertsona bihurtu da Atutxa.
EITB Media
Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu izan zena omendu du Mila Esker ertzainen elkarteak gaur, larunbata, Gasteizen, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroan.
Mila Esker elkarteak omenaldia egin nahi izan dio Atutxari, ETAren mehatxupean egon arren erakundeen eta Ertzaintzaren defentsan egindako lanagatik. Horrela, polizia izan gabe ertzain elkarte honen aitortza jaso duen lehen pertsona bihurtu da sailburu ohia.
Atutxa eskertuta eta hunkituta agertu da, eta talde armatuak hildako 15 ertzainak izan ditu gogoan, baita mehatxu hura eramaten lagundu zioten familia eta Begoña emaztea ere.
Era berean, 26 urte eta 115 egunetan ondoan izan zituen bizkartzainen lana azpimarratu du. ETA hamar aldiz saiatu zen Atutxa hiltzen; horietako batean, bonba batekin izan zen, bere seme baten ezkontzan.
Mila Esker elkarteak "bakearekin eta memoriarekin" duen konpromisoa ere eskertu du Atutxak. "Beti gogoratuko dut zuen aitortza eta maitasuna. Niretzat oso garrantzitsua da maite dudan eta haren parte sentitzen naizen kolektibo baten aitortza jasotzea", gaineratu du.
Halaber, "polizia batek egunero duen funtzio zaila" azpimarratu du. "Eskerrik asko karga handi hori bere ondorio guztiekin onartzeagatik, eskerrik asko ia beti asmatzeagatik, eta eskerrik asko akatsetatik ikasteagatik. Horregatik, ni neu ere ertzain naizela uste dut", esan du.
Atutxak ekitaldian adierazi duenez, ezker abertzaleak bere akatsak onartu ezean, ezingo diote "sinesgarritasunik eman bere kartel berrituari". "Egin zutena moralki onartezina, pertsonalki jasanezina eta politikoki antzua izan zela onartzen dutenean, bakean bizitzeko gertuago egongo gara", esan du.