Politika -
Fiskalitatea
Espainiako Gobernuaren zerga-erreforma "labean" dago oraindik, ez baitu babes nahikorik oraingoz
Gobernu-bazkideak ez datoz bat hainbat puntutan, eta inbestidura-blokeko bazkideek dagoeneko buruan dute enpresa multinazionalei gutxieneko % 15eko zerga berria ezarriz gero aurrerabidea ematearen alde egitea. Ogasun Batzordea astelehenera arte atzeratu da.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuak bankuen gaineko zerga luzatzeko eta energien gainekoa ezabatzeko egin nahi duen zerga-erreformak ez du babes nahikorik lortu Kongresuan, eta, beraz, aste honetan bigarrenez, bertan behera utzi behar izan du PSOEk proiektua eztabaidatu beharko duen Kongresuko Ogasun Batzordea.
Gobernu-bazkideak ez datoz bat hainbat puntutan, eta inbestidura-blokeko bazkideek dagoeneko buruan dute enpresa multinazionalei gutxieneko % 15eko zerga ezarriz gero aurrerabidea ematearen alde egitea. Ogasun Batzordea astelehenera arte atzeratu da.
Pakete fiskal hori Kongresuko Ogasun Batzordean eztabaidatu baino ordu batzuk lehenago, Esquerra Republicanak (ERC) eta EH Bilduk adierazi dutenez, multinazionalen gaineko zergara mugatu beharko litzateke araua, Europako Zuzentarau baten transposiziotik sortu dena. Zail ikusten dute bankuen eta energiaren gaineko zergaren etorkizuna adostea.
Juntsek PSOErekin adostu du dagoeneko zerga energetikoa bertan behera uztea, baina ERCk, EH Bilduk eta Podemosek zerga horri eustea eskatu dute, eta, areago, negoziazioan marra gorri gisa jarri dute. Era berean, EAJk adierazi du ez dutela ontzat jotzen Sumarrek eta sozialistek osasun pribatua zergapetzeaz egindako proposamena.
"Nik uste dut Bruselatik datorren oinarria gutxieneko egiteko batzuk direla. Agian ona izango litzateke aurrera ateratzea, baina ikusiko dugu", esan du Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak, erreforma fiskal honen negoziazioei buruz.
Bestalde, Mertxe Aizpurua EH Bilduk Behe Ganberan duen bozeramailearen esanetan, bere alderdia "azken unera arte" saiatuko da energia enpresen gaineko zerga luzatzeko akordioa lortzen, baina ez du baztertu multinazionalen gaineko zerga soilik onartzeko aukera, negoziazioa "salbatzeko" xedez. "Irtenbide bat izan liteke", esan du.
Aitor Esteban EAJren bozeramaileak ere ez du baztertzen pakete fiskala Bruselak eskatzen duen zergari bakarrik lotzea. "Agian errazena da", esan zuen Kongresuko korridoreetan, asteazkenean.
Batzordea baino ordu batzuk lehenago, PPk Gobernuaren testua babestu du, baldin eta gutxieneko zerga globalera mugatzen bada, hidrokarburoen iruzurrari aurre egiten badio eta zerga berririk gehitzen ez badu. "Bruselan herrialde guztiekin adostutakoa onartzea izan behar da helburua", esan du Juan Bravo X alderdiko bozeramaile ekonomikoak.
Bestalde, Patxi Lopez PSOEren bozeramaileak nabarmendu duenez "azken minutura arte" negoziatuko dute Gobernuaren proiektua aurrera atera dadin.
Bien bitartean, Veronica Martinez Sumarren bozeramaileak azpimarratu duenez, bere taldea "etengabe" ari da akordioaren alde lanean. "Azken unera arte, ez dugu baztertuko akordioa erdiesteko aukera", gaineratu du.
PPren eskakizunak beteko balira, testuak izapide parlamentarioa lortuko luke, gainerako taldeek bozkatzen dutena bozkatzen dutela ere. Horrela, baina, ez luke jasoko bankuen eta energiaren gaineko zergen inguruan Espainiako Gobernuak jarri nahi zuen erreforma fiskala, alderdi guztiak ados jarri ezintasuna dela eta . Beraz, sozialistek itxarotea erabaki dute.