Politika -
NAFARROAKO FORU PARLAMENTUA
Nafarroako "egonkortasun politikoa" goratu du Chivitek, "ezegonkortasuna nagusi" den agertokian
Foru Gobernuaren Egoerari buruzko Eztabaidari ekiteko hitzaldian, "demokrazia" zaintzeko aldarria egin du. Osasun eta hezkuntza sistemak indartzea aipatu ditu helburuen artean.
EITB MEDIA
Egonkorra, aurrera doana, herritarrei konfiantza ematen diena eta ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzen duena. Horrela definitu du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak bere exekutiboa. Mundu osoan "ezegonkortasuna" eta "antipolitika" zabaltzen ari diren honetan, Foru Erkidegoaren egonkortasun politikoaren gorazarrea egin du.
Foru Gobernuaren Egoerari buruzko Eztabaida hartu du gaur Nafarroako Parlamentuak, eta Chivitek zabaldu du saioa. Lehen hitzak ''politikari prestigioa'' itzultzea eskatzeko eta "politika baliagarria" aldarrikatzeko erabili ditu. "Desinformazioa" eta erakundeak "ezegonkortzeko saiakerak" salatu ondoren, "demokrazia zaintzea guztion ardura" dela esan du.
EH Bildurekin seigarren urtez jarraian lortutako akordioari esker, aurrekontuak itxita izateak ematen duen lasaitasunetik hitz egin du presidenteak. Maila ekonomikoan osasuntsu daudela esan du, hazkunde eta enplegu datuak mahai gainean jarrita. Nolanahi ere, aitortu du gabeziak egon badaudela, besteak beste, etxebizitzaren, osasunaren eta hezkuntzaren alorretan, eta horiek indartzeko konpromisoa agertu du.
Autogobernuaren defentsa "arduratsua" ere egin du, eta bide horretan zerga politika "zorrotza" agindu du. "Orain arte bezala, feminismoa, berrikuntza, europazaletasuna eta jasangarritasuna" ardatzean dituen Nafarroaren alde lanean jarraituko duela esan du, tarteka hainbat ahapaldi euskaraz ere esan dituen hitzartzean.
Taldeen agerraldiak
Chiviteren ondoren, Javier Esparza UPNren eleduna Foru Parlamentuan izan da hitza hartzen aurrena. Horren hitzetan, PSNren "kudeaketa okerraren ondorioz", Nafarroaren irudia "gainbeheran" dago.
Jarraian, presidentearen ildo beretik aritu da Ramon Alzorriz PSNren bozeramailea. Nafarroako herritarren "bizi kalitatean" jarri du azpimarra, "zerbitzu publikoak, gizartearen kohesioa eta elkarbizitza" balio nagusitzat hartuta. Hark ere, "politika baliagarria" aldarrikatu du, "informazio faltsua" hitzetik hortzera dabilen garaiotan.
Bere aldetik, EH Bilduko Laura Aznalek bere koalizioak Nafarroako ongizateari egiten dion "ekarpen ezinbestekoa" nabarmendu du. "Ezberdinen arteko akordioak" txalotu ditu, bere hitzetan, hori delako "herritar guztien eskubideetan aurrera egiteko bermea".
EAJko Pablo Azkonaren txanda etorri da ondoren, eta, besteak beste, eskuin muturra sustatzen ari den "fake politika" izan du hizpide. Bere taldea Foru Gobernuan egiten den kudeaketa txalotu du.
Jeltzalearen atzetik, Alderdi Popularreko Javier Garcia hurbildu da atrilera. Gobernua "iparra galduta" dabilela adierazi du, eta Erkidegoa "lidergoa galtzen" ari dela salatu.
Contigo-Zurekin taldearen bozeramaile Carlos Guzmanek, berriz, iritzi dio "anbizioa falta" duela Chiviteren Exekutiboak bere departamendu guztietan. Eta azkenik, Voxeko Maite Nostik norabidea "goitik behera" aldatzeko eskatu dio PSNri.