Politika -

EUSKADI IRRATIA

Pradales: "Aurrekontuen negoziazioan EH Bilduk Nafarroan duen jarrera EAEn ikustea da nahi dudana"

Ajuria Enean hartu ditu Imanol Pradales lehendakariak Euskadi Irratiko lankideak, garai batean Gobernu Bilerak egiten zituzten aretoan. Agenda politikoko lehen lerroan dauden gaietatik hasita, luze-zabal hitz egin du askotariko gaiei buruz.

Imanol Pradales, gaur, Ajuria Enean. Argazkia: EITB Media
Imanol Pradales, gaur, Ajuria Enean. Argazkia: EITB Media
Pradales: 'EH Bilduk Nafarroako aurrekontuekin izan duen jarrera bera izatea nahiko nuke'

1:15

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Herriak dituen erronkek eskatzen dute oposizioko alderdien ekarpenak ekartzea aurrekontuetara". Hitzok Imanol Pradales lehendakariak esan ditu, Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuak ateratzeko oposizioko alderdien beharrik ez duela berretsi ondotik. Ziurtatu du alderdi guztien ekarpenak "zintzoki entzun, irakurri eta aztertzeko" konpromisoa duela Gasteizko Gobernuak.

Atzo Sumarren eta PPren ordezkariekin bildu eta gero, EH Bildurenak hartuko ditu gaur Noël D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak. Hain zuzen, azken talde horri zuzendu zaio lehendakaria, eskatzeko Nafarroako Foru Gobernuaren aurrekontuen negoziazioan izan duen jarrera berdina izan dezala EAEn ere. "Jarrera eta edukietan berdintsu" jokatuz gero, ezker abertzaleko koalizioarekin "adostasunerako aukerak" ikusten dituela esan du. Hala, "Iruñeko azokan eta Gasteizko azokan aurrekontu kiloak" balio bera al duen galdetu dio EH Bilduri.

Aitortu du EH Bildurenganako "mesfidantza" badutela, "azken  harmarkadetan kultura politiko oso ezberdinetatik" datozelako jeltzaleak eta ezker abertzalekoak. "Hori gainditzeko denbora behar da, eta gauza txikietan akordioak lortzea". Horiek esanda, "hitz handietatik ekimen zehatzetara" pasatzeko, eta "epe luzera bakarrik ez", "eguneroko beharrei" begiratzeko eskatu dizkio Pello Otxandiano buru duen taldeari.

Zerga erreforma

Ajuria Enean garai batean Gobernu Bilerak egiten ziren aretoan egindako elkarrizketan —entzun elkarrizketa osoa, hemen—, zerga erreformaz ere hitz egin du. Uste du "neurri oso positiboak" dituela EAJk eta PSE-EEk adostutako akordioak eta horiei "ezetz esatea zaila" dela. Gipuzkoan eta Araban oposizioaren babesa behar dute erreforma onartzeko. "Gazteei etxebizitza erosteko erraztasunei ezetz, trantsizio energetikorako pizgarriei ezetz, enpresen kenkariei ezetz, kontziliaziazioari ezetz... ez dute hain erraza izango ezetza justifikatzea", erantsi du, bi lurraldeotan oposizioan dauden alderdiei erreferentzia eginez.

Osasun ituna

Osasun itunari buruz, abian jarri den prozesuarekin aurreko Jaurlaritzaren lanari "osoko zuzenketa" egin dioten galdetuta, ezetz erantzun du. "Egoera aztertu, arazoak identifikatu eta korapiloak askatzeko bideak zabaldu ditugu", zehaztu du. Egungo arazoak konpontzeaz gain, begirada epe luzera jartzearen premia ere nabarmendu du, "eraldatu egin beharko baitugu osasun sistemaren ardatza". Zentzu horretan, "euskal gizartearen zahartze prozesua" aipatu du kontuan hartzeko faktore gisa.

Mahaian parte hartzen ari diren eragile guztien lana txalotu du, eta aurrera begira ere, orain arteko "elkarlanari" eustea espero du. "Hori da gure lan ildoa eta helburua".

Gernikako Estatutua

Oraindik eskualdatzeke dauden eskumenen inguruan ere itxaropentsu agertu da, eta Jaurlaritzako bi alderdien arteko akordioan jasotakoa betetzeko konpromisoa berretsi du. Garrantzia kendu dio gobernukide duten PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, gaiaren inguruan egindako adierazpenei. "Badakigu nolakoa den Andueza, beti bilatu behar du kanpotik ezberdintasun puntu bat (...). Bide-orria argi jasota dago akordioan, eta hori da joko zelaia".

Momentu historiko honetan, nazio eraikuntzan aurrera egiteko "aukera" ikusten duela ere erantsi du, "hiru alderdien arteko (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE) oinarriko adostasun bat lortzeko".

Estatutua berritzeko negoziazioen inguruan, alderdi politikoen arteko lehen "kontaktuak" hasiak direla jakinarazi du, "diskrezio maila handiarekin". Sozialistekin Jaurlaritza gidatzeko adostutako oinarriak ekarri ditu gogora. Esan duenez, "nazio aitorpena", "(Espainiako) Estatuaren eta Euskadiren arteko aldebikotasuna" eta "berme sistema eraikitzea" jasota daude itunean. "Horrek guztiak eskatuko du gure herriaren borondatearen plasmazio bat, erreferendum bidez egin beharko dena", zehaztu du.

Gai horri eta beste hainbati buruz hitz egiteko, hil honen amaiera aldera Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin biltzea espero du Pradalesek. Valentziako hondamendiagatik atzeratu zuen hitzordua Espainiako gobernuburuak.

Valentziako goi depresioa

Bestalde, gaur bi aste Valentzia astindu zuen goialdeko borraskaren harira lehertu den liskar politikoari "penagarria" iritzi dio Pradalesek, eta krisi garaietan "lidergoa" hartzeak duen garrantzia azpimarratu du. Horren harira, gogora ekarri du 1983ko uholdeetan EAEn orduko lehendakari Carlos Garaikoetxeak hartu zuela kudeaketaren lidergoa, aldundiekin eta Espainiako Gobernuarekin elkarlanean. "Horri esker, buelta eman zitzaion egoerari".

Halaber, Valentziakoaren ostean "Eusko Jaurlaritzaren alarma sistemak berrikusiko" dituztela ere azaldu du, zertan hobetu daitekeen jakiteko. Oro har, gaiaren inguruan gizartean "pedagogia" egitea beharrezkotzat jo du.

Euskara

Azkenik, kezka agertu du bereziki Administrazio Publikoan euskara jasaten ari den oldarraldi judizialarekin, baina euskararen erronka nagusia "hortik kanpo" ikusten duela ere esan du. "Eskoletan, lan munduan, komunikabideetan edota aisialdian" jarri behar dela "fokua" dio, eta "jauzi kualitatiboa" eremu horietan eman.

Jauzia emateko, "adostasun politikoetatik harago" joan behar da, lehendakariaren hitzetan. Euskalgintzarekin eta euskalgintzatik kanpoko eragileekin akordioak lantzearen  alde agertu da. "Hizkuntza maite egin behar dugu, eta atxikimendu hori ez badugu, arazoa larria da", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Euskadi Irratia