Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Lehendakariari elkarrizketa Euskadi Irratian, zerga erreforma eta borraska Mediterraneoan
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 12an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Lehendakariari elkarrizketa, Euskadi Irratian: Iñaki Guridi kazetariak Imanol Pradales lehendakaria elkarrizketatuko du Ajuria Enean, 08:30etatik aurrera. Faktoria saio berezian, besteak beste, aurrekontu proiektuaren negoziazioaz, Osasun Itunerako Mahaiaz, EAJk eta PSE-EEk adostutako zerga erreformarako proposamenaz eta datorren astean Bruselara egitekoa duen bidaiaz galdetuko diote.
- Zerga erreforma: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek zerga erreformarako proposamenaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte, eta, besteak beste, hainbat neurri proposatu dituzte EAEn etxebizitza eskuratzea sustatzeko, hala nola hobariak PFEZan. Berritasun nagusien artean, PFEZa aitortzeko betebeharra urteko errenta 19.000 euroraino igotzea proposatu dute (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino handiagoa; izan ere, 2024an 15.876 eurokoa da). Halaber, etxebizitzaren arloan alokairua bultzatzea dute helburu, zerga-pizgarriak indartuz alokairu eskuragarriaren eskaintza handituta.
- Borraska, Mediterraneoan: Espainiako Estatuan, goi-geruzetako depresio isolatu bat sartuko da gaurtik aurrera Europako iparraldetik, eta "zaparrada trumoitsu eta ugariak" utziko ditu Mediterraneo isurialdeko hainbat gunetan, batez ere Kataluniako kostaldean eta Balearretan, eta, hala, euriteengatik abisuak ezarriko dituzte agintariek. Hori horrela, Balear uhartean —Menorca salbu, abisu horian dago eta— alerta laranjan izango dira. Abisu horia ezarriko dute, halaber, Alacanten eta Castellon (Valentziako Erkidegoa) eta Bartzelonan eta Tarragonan (Katalunia).