Politika -
Foru Aldundiak
PFEZa aitortzeko muga berria, auto elektrikoak erosteko pizgarriak eta berrikuntza fiskal gehiago
Aldundien proposamen fiskalak, besteak beste, kontziliazioa, etxebizitza eta trantsizio energetikoa "erronka" nagusiei erantzuteko helburua du.
EITB Media
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien proposamen fiskalaren helburua da kontziliazioa, etxebizitza eta trantsizio energetikoa eta gisako "erronka" nagusiei erantzutea, baita enpleguko BGAEak bultzatzea ere.
Berritasun nagusien artean, PFEZa aitortzeko betebeharra urteko errenta 19.000 euroraino igotzea proposatu dute (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino handiagoa; izan ere, 2024an 15.876 eurokoa da), errenta baxuenen tributazioa hobetzeko asmoz. Halaber, etxebizitzaren arloan alokairua bultzatzea dute helburu, zerga-pizgarriak indartuz alokairu eskuragarriaren eskaintza handituta.
Hauek dira erreformak proposatutako neurri nagusietako batzuk:
Familia, kontziliazioa, emakumea eta gazteria
• Hiru urtetik beherako umeak zaindu ondoren lan-merkatura itzultzeagatik 1.200 euroko kenkaria izango da emakumeentzat, eta 1.500 eurokoa gizonentzat.
• Gazteen kolektiboa birdefinitu dute, eta 30 urtetik 36 urtera igoko da.
• Legeak eta hitzarmenek eskatzen dutenetik "haratago" doazen neurriak aplikatzen dituzten enpresentzat, zehaztu ez diren kenkariak ezarriko dira, hala nola zaintzagatiko baimenetan, soldata mantentzen den lanaldi-murrizketan edo doako haurtzaindegietan, eta handiagoak izango dira gutxienez langile-taldearen heren batek erabiltzen baditu.
• Gazteek 5 urte izango dituzte ondorengoengatiko kenkaria erabiltzeko.
Enpleguko gizarte aurreikuspena bultzatzea (BGAEak)
• Prestazioak errenta gisa kobratzea sustatuko da, eta kalitatezko ekarpenak bultzatuko dira, ekarpen handiagoa egiteko pizgarri handiagoekin.
Fiskalitate berdea
• Kenkari berriak ezarriko dira etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko obrak egiteagatik, ohikoetan zein errentan hartutakoetan, berokuntza- eta hozte-eskaria murrizteko, lehen mailako energia berriztaezinaren kontsumoa hobetzeko eta eraikinen birgaitze energetikoa egiteko.
• % 5eko eta % 10eko kenkariak PFEZan isuririk gabeko ibilgailu berriak erosteagatik eta % 15eko kenkariak birkarga-puntuak ezartzeagatik.