Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

EH Bilduk aurrekontuen inguruko bigarren proposamen bat egingo du, Jaurlaritzarenak tarte "gutxi" badu ere

Koalizio subiranistak Legebiltzarrean duen bozemailearen ustez, ezinbestekoa da "egiturazko zerga erreforma" egitea, eta, ingurumari horretan, EAJk eta PSE-EEk deitu ez izana salatu du, "negoziatzera derrigortuta dauden arren".

Otxandiano, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Otxandiano, elkarrizketaren une batean.
Otxandiano, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk EAEko aurrekontuen inguruko bigarren proposamen bat egingo dio Eusko Jaurlaritzari, Noël D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuarekin bihar duten bileran. Hala iragarri du Pello Otxandiano koalizio subiranistaren bozeramaile parlamentarioak, Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketa batean.

Kortesia politikoa dela eta, bigarren proposamen horren inguruko xehetasunik ez du eman Otxandianok, eta prest agertu da erakunde bakoitzeko aurrekontuak negoziatzeko. Nolanahi ere, EH Bilduk aurrekontuetarako akordio globala defendatzen jarraituko duela azpimarratu du, eta, hala, hurrengo urteetan ere mahaigaineratuko duela hitzeman du. 

EAJren eta PSE-EEren Jaurlaritzarako prestatu duten aurrekontu proiektuak "aspektu positiboak" dituela onartu badu ere, tarte "gutxi" ikusten dio Otxandianok: "Gobernuak planteatzen duen erretorikaren eta aurrekontu hauek eskaintzen duten tarte errealaren artean badago distantzia handi bat, eta hori arazo bat da". Gainera, zorpetzea eta Finkatuz funtsa aktibatu badituzte ere, aurtengo proiektuak iazkoak baino "inbertsio gutxiago du". Halaber, uste du proiektua "diru-sarreren aurreikuspen lar positibo" batean oinarritu dutela, eta egoera ekonomikoa "oso konplikatua" dela ohartarazi du. 

Fiskalitatea hizpide, EH Bilduren eledunak esan du ez dagoela negoziaziorik, eta zerga erreformaren inguruko EAJ-PSE-EEren arteko ituna prentsaren bidez ezagutu dutela. Horren harira, "EAJ eta PSE-EE EH Bildurekin ez biltzeko egon den oztopoa zein izan den" galdetu du, eta azpimarratu bi alderdiok "negoziatzera behartuta" daudela gehiengorik ez duten lurraldeetan. "Gobernuek oposizioaren babesa irabazi behar dute", gogorarazi du. Hori horrela, egoera "kezkagarritzat" jo du: "Ez du akordioa lortzeko animorik sortzen". 

Era berean, EH Bilduren aburuz, "egiturazko zerga erreforma sakona" egin behar da, "ez doikuntza soila". 

Azkenik, Jaurlaritzako bazkideek lortutako beste akordioa —errenta altuak dituzten familiei etxebizitza erosteko kenkariak jaistea— ontzat jo du. Dena dela, gogora ekarri du bere garaian EH Bilduk proposatu zuela. "Bere garaian irrealatzat jo ziren beste hainbeste neurri bezala, azkenean gauzatu egin da", azaldu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak Pello Otxandiano