Politika -

Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak araudia berrikusi eta larrialdi sistema indartuko du, Valentziako hondamendia dela eta

Zupiriak Euskalmet suspertzearen alde egin du, alertak "zuzenean" kudeatu ahal izateko eta erantzuna "lehenbailehen" aktibatzeko.

Uholde baten artxiboko irudia, Iruran (Gipuzkoa). Argazkia: EFE
Uholde baten artxiboko irudia, Iruran (Gipuzkoa). Argazkia: EFE
Uholde baten artxiboko irudia, Iruran (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak "ahalegin eta baliabide guztiak" baliatuko dituela larrialdi sistema indartzeko eta, Valentzian izandako uholdeen aurrean, indarrean dagoen araudia berrikusiko duela azpimarratu du, EAEko larrialdi-prozeduren funtzionamendu eta antolaketa egokia izan dadin bermatzeko.

Segurtasun Sailaren 2025erako aurrekontuak aurkeztu ditu Zupiriak astearte honetan Eusko Legebiltzarrean, eta larrialdien arloan aurreikusitako neurriak zehaztu ditu. "Ez gaude ezbeharretatik libre. Beti gerta daiteke baten bat eta hemen ere gertatu dira, baina ahalegin osoa egingo dugu prest egoteko", iragarri du.

Zupiriak azaldu duenez, Larrialdiak Kudeatzeko Legea oinarri hartuta, "indarrean dagoen legeria eta araudia aztertuko da, azken gertakariei dagokienez, larrialdiei aurre egiteko prozedurak behar bezala antolatzen direla bermatzeko".

Era berean, lurraldean zehar dauden era guztietako baliabideen egoera eta funtzionamendua aztertuko dela eta "beharrezkoak diren" inbertsioak egingo direla jakinarazi du. Erakundeen arteko komunikazioa eta koordinazioa bermatzeko tresna guztiak ere landuko direla azpimarratu du sailburuak.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak 6,3 milioi euroko aurrekontua izango du. Aurrekontu horretan, baliabide berrietan inbertitzeko aurreikuspenak nabarmendu ditu: 300.000 euro itsas salbamenduko ontzi berri baterako eta 112ko Koordinazio Zentroan puntako teknologia txertatzeko, baita berriki kontratatutako suteen aurkako helikopteroaren erabilgarritasuna ere (1,2 milioi); hiru foru aldundiekin koordinatuta erabiliko da baliabide hori.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzaren barruan, 2025ean Euskalmetek sozietate publiko gisa hiru milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du, estreinakoz.

Zupiriak azaldu duenez, Euskalmetek "etengabe" egiten du lan zaintza eta iragarpen lanetan, eta ikertzeko bokazioa ere badu, "ahalik eta gehien eguneratuta egoteko". "Ez gaude ezbeharretatik libre. Beti gerta daiteke baten bat, eta hemen ere gertatu dira, baina ahalegin osoa egingo dugu prest egoteko, alertak eta erantzunak behar bezala aktibatzeko, eta, zerbait gertatuko balitz, kalteak ahalik eta txikienak izateko", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak Larrialdi klimatikoa Goialdeko depresioa