Politika -

Goialdeko borraska

Goialdeko borraskak kaltetutakoentzako 10.600 milioiko lehen laguntza sorta onartu du Espainiako Gobernuak

Gainera, goialdeko borraskak gehien kolpatu dituen guneak babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu izendatzea onartu du Ministroen Kontseiluak.

Pedro Sanchez, gaur, Moncloa jauregian egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, gaur, Moncloa jauregian egin duen agerraldian
Pedro Sanchez, gaur, Moncloa jauregian egin duen agerraldian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goialdeko borraskak Valentziako Erkidegoan, Gaztela-Mantxan eta Andaluzian kaltetutako norbanako, enpresa eta erakundeentzako 10.600 milioi euroko lehen laguntza sorta onartu du Espainiako Gobernuak. Laguntza zuzenak ez ezik, zergak ordaintzeko salbuespenak, hipotekak ordaintzeko moratoriak eta Kreditu Ofizialeko Institutuak emandako ICO-DANA izeneko kreditu lerroak ere jasotzen ditu. Halaber, Ministroen Kontseiluak gaur ontzat eman du goialdeko borraskak gehien kolpatu dituen guneak babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu izendatzea.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur goizean agerraldia egin du Moncloa jauregian, gaurko Ministroen Kontseiluak onartu duen premiazko lege-dekretu baten berri eman eta onartu diren laguntza ekonomiko, laboral eta fiskalak azaltzeko. Besteak beste, lanerako ezintasun kasuetarako 72.000 euroko diru-laguntzak aurreikusten dira, kaltetutako etxebizitza bakoitzeko 20.000 eta 60.000 euro artekoak, 10.300 euro hondatutako altzariak eta bestelakoak ordezkatzeko, eta 37.000 eurora artekoak, berriz, bizilagunen komunitateetako elementuak konpontzeko.

Aipaturiko laguntzak indibidualak eta unibertsalak izango dira, kaltetuaren errenta dena delakoa dela ere, eta legeak kasu horietarako aurreikusitako laguntzak "laukoiztu" egingo dira.

Kaltetutako enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako 838 milioi euroko laguntza zuzenak ere egongo dira: 5.000 eurokoak izango dira autonomoen kasuan eta 10.000 eta 150.000 euro artekoak enpresentzat, negozio bolumenaren arabera.

Laguntza horiek jasotzeko nahikoa izango da kontu korronte zenbakia ematea eta hilabeteko epean hasiko dira dirua jasotzen. 65.000 langile autonomori eta 30.000 enpresa ingururi mesede egingo die aipaturiko neurriak.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera edo kotizazio gabeko gainerako dirulaguntzak % 15 haziko dira hurrengo hiru hilabeteetan, eta beharren arabera neurri hori luzatzeko aukera izango da.

Enpleguari dagokionez, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bereziak martxan jarri ahalko dira. Horren arabera, soldatapeko langileek lanik egin ez arren % 100 kotizatuko dute. Jarduna bukatu beharra izan duten autonomoek beraien oinarrizko kotizazioaren % 70en araberako laguntza ekonomikoa eskatu ahal izango dute, legeak ezarritako gutxieneko 12 hilabeteak bete ez arren.

Gainerako neurriak

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez albisteak Gizartea Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Uholdeak Valentziako Erkidegoa Hondamendi naturalek kaltetutakoak Goialdeko depresioa