Politika -

goialdeko borraska

Sanchezek 5.000 militar gehiago eta beste 5.000 polizia eta guardia zibil bidaliko ditu Valentziara

"Guztia ematea" eskatu du, baina "elkarrekin, elkar hartuta", eta aitortu du ematen ari diren erantzuna ez dela "nahikoa" izaten ari. Gainera, hildakoen kopurua 211ra igo du. Larri kaltetutako eremuak asteartean izendatuko dituzte.

Sanchez. Argazkia: EITB
Sanchez. Argazkia: EITB
Sanchez. Argazkia: EITB

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du 5.000 militar gehiago eta beste 5.000 polizia eta guardia zibil bidaliko dituela Valentziako Erkidegora goialdeko borraskaren biktimak bilatzeko eta erreskatatzeko lanetan laguntzeko.

Horixe adierazi du Moncloa Jauregian egindako adierazpen instituzionalean, denboralearen ondorioen jarraipena egiteko krisi batzordearen bileraren ostean, eta hildakoen kopurua 211ra igo dela jakinarazi du.

Sanchezek txalotu egin du Carlos Mazon Valentziako presidenteak militarren eskaera 5.000ra igo izana, eta berretsi du Espainiako Gobernuak "berehala" egingo duela.

Larunbat honetan bertan iritsiko dira 4.000 militar gehiago, eta bihar goizean iritsiko dira gainerakoak.

Gainera, 5.000 polizia eta guardia zibil gehiagorekin, guztira 10.000 izango dira bertan daudenak.

Lehentasunak

Espainiako presidenteak Gobernuaren lehentasunak zerrendatu ditu adierazpen instituzionalean, eta lehenengo bi postuetan kokatu ditu "bizitzak salbatzea" eta "hildakoen gorpuak aurkitzea eta identifikatzea.

Azken horren harira, profesional talde bat bidali omen du "azkar, bermeekin, eta biktimek eta senideek merezi duten duintasunarekin" egiteko.

Milaka boluntario elkartu dira Valentzian garbiketa lanetan parte hartzeko

Pedro Sanchezek esan du Espainiako Estatuaren "gertuko historian izan den hondamendi natural handiena" izan dela Valentziakoa, eta "mende honetan Europan biktima gehien eragin dituen bigarren hondamendi naturala".

Horregatik, jada jarri da harremanetan Europako Batzordearekin, Europar Batasuneko elkartasun funtseko baliabideak eskatzeko.

Aitortu du hondamendiaren ematen ari diren erantzuna ez dela "nahikoa" izaten ari; horregatik, "guztia ematea" eskatu du, baina "elkarrekin, elkar hartuta". Egoera honetara eraman duten arrazoiak geroago aztertzeko deia egin du.

Larri kaltetutako eremu

Bestalde, Sanchezek iragarri du Ministroen Kontseiluak asteartean onartuko dituela larri kaltetutako eremu gisa Valentziako, Gaztela-Mantxako, Andaluziako, Kataluniako eta Aragoiko eremu batzuk.

Era berean, jakinarazi du ministerio arteko batzorde bat osatuko dutela eremu horiek berreraikitzeko eta ekonomikoki suspertzeko neurriak "ahal den azkarren" hartzeko. Gainera, Ogasun Ministerioak "mugarik gabe, behar dituen premiazko gastu guztiak egiteko" baimena emango dio Valentziako erkidegoari.

Hori horrela, 100 langile publiko gehiago egongo dira denboraleak kaltetutakoentzako laguntzen izapideak bizkortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Valentziako Erkidegoa Hondamendi naturalen biktimak