Politika -
goialdeko borraska
Sanchezek 5.000 militar gehiago eta beste 5.000 polizia eta guardia zibil bidaliko ditu Valentziara
"Guztia ematea" eskatu du, baina "elkarrekin, elkar hartuta", eta aitortu du ematen ari diren erantzuna ez dela "nahikoa" izaten ari. Gainera, hildakoen kopurua 211ra igo du.
eitb media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du 5.000 militar gehiago eta beste 5.000 polizia eta guardia zibil bidaliko dituela Valentziako Erkidegora goialdeko borraskaren biktimak bilatzeko eta erreskatatzeko lanetan laguntzeko.
Horixe adierazi du Moncloa Jauregian egindako adierazpen instituzionalean, denboralearen ondorioen jarraipena egiteko krisi batzordearen bileraren ostean, eta hildakoen kopurua 211ra igo dela jakinarazi du.
Sanchezek txalotu egin du Carlos Mazon Valentziako presidenteak militarren eskaera 5.000ra igo izana, eta berretsi du Espainiako Gobernuak "berehala" egingo duela.
Larunbat honetan bertan iritsiko dira 4.000 militar gehiago, eta bihar goizean iritsiko dira gainerakoak.
Gainera, 5.000 polizia eta guardia zibil gehiagorekin, guztira 10.000 izango dira bertan daudenak.
Lehentasunak
Espainiako presidenteak Gobernuaren lehentasunak zerrendatu ditu adierazpen instituzionalean, eta lehenengo bi postuetan kokatu ditu "bizitzak salbatzea" eta "hildakoen gorpuak aurkitzea eta identifikatzea.
Azken horren harira, profesional talde bat bidali omen du "azkar, bermeekin, eta biktimek eta senideek merezi duten duintasunarekin" egiteko.
Milaka boluntario elkartu dira Valentzian garbiketa lanetan parte hartzeko
Pedro Sanchezek esan du Espainiako Estatuaren "gertuko historian izan den hondamendi natural handiena" izan dela Valentziakoa, eta "mende honetan Europan biktima gehien eragin dituen bigarren hondamendi naturala".
Horregatik, jada jarri da harremanetan Europako Batzordearekin, Europar Batasuneko elkartasun funtseko baliabideak eskatzeko.
Aitortu du hondamendiaren ematen ari diren erantzuna ez dela "nahikoa" izaten ari; horregatik, "guztia ematea" eskatu du, baina "elkarrekin, elkar hartuta". Egoera honetara eraman duten arrazoiak geroago aztertzeko deia egin du.