Politika -

Etxebizitza

Etxebizitzen prezioei muga jartzea ahalbidetuko duen lege aldaketa onartu du Nafarroako Parlamentuak

Nafarroan Etxebizitza Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legea aldatzeak aukera emango du eremu tentsionatuak izendatzeko. Proposamenak aurrera egin du PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen babesarekin; kontra bozkatu dute UPN, PPN eta Vox alderdiek.

Iruñea. Argazkia: Freepik.
Iruñea. Argazkia: Freepik.
Iruñea. Argazkia: Freepik.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak Etxebizitza Eskubideari buruzko Foru Legea aldatzea onartu du ostegun honetan eta, horrekin, Foru Gobernuak etxebizitzen prezioak mugatzeko aukera izango du etxebizitza merkatu tentsionatutzat jotzen diren eremuetan.

NeurriakPSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien babesarekin eta UPN, PP eta Voxen gaitzespenarekin— higiezinen merkatuaren presioa arintzea du helburu, etxebizitza prezio eskuragarrietan lortzea ia ezinezkoa bihurtu den eremuetan, alokairu erregimenean bereziki.

Proposamenak "Etxebizitza Merkatu Eremu Tentsionatua" kontzeptua txertatzen du. Horrek ahalabidetuko du Nafarroako Gobernuak eremu jakin batzuk identifikatu eta halakotzat hartzea, higiezinen merkatuaren eta egoiliarren ahalmen ekonomikoaren azterketa sakonean oinarrituz.

Eremuak tentsionatutzat jo ahal izango dira etxebizitzaren kostuak (hipoteka edo alokairua) batez besteko diru-sarreren % 30 gainditzen duela egiaztatzen bada edo etxebizitzaren prezioak azken bost urteetan Nafarroako KPIa baino gutxienez hiru puntu gehiago igo badira.

Datuak biltzeko prozesua, azterketa publikoa eta alegazio-aldia egin behar dira izendapen hori jasotzeko, eta azterlan xehatuak aurkeztu beharko dira tentsionatu izendatu nahi den eremuko demografiari, prezioei, etxebizitza motari eta erabakigarri izan daitezken beste faktore batzuei buruz.

Behin erabakia hartuta, Nafarroako Gobernuak desorekak konpontzeko plan espezifiko bat onartuko du, merkatuan esku hartzeko neurriak hartzea ahabidetzen duena, eta izendapenak eragingo liekeen udalekiko lankidetza sustatuko du.

Eremu bat tentsionatu izendatzeak hiru urteko indarraldia izango du eta urtetik urtera luzatzeko aukera izango da, beti ere desoreka-egoerak bere horretan jarraitzen badu.

Tentsionatutako eremutzat jo ez diren udalerriek ere antzeko azterketa bat hasteko eskatu ahal izango dute, baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.

Alderdi politikoen balorazioak

Daniel Lopez Contigo-Zurekin taldeko legebiltzarkidearen esanetan, lege aldaketa "aldarri politiko eta sozial bati emandako erantzuna da", azpimarratu duenez, "merkatua ez baita berez erregulatzen". Halaber, gaineratu duenez, "ez dago panazea den neurririk, eta beraz, beharrezkoa da eskura ditugun neurri eta tresna guztiak baliatzea".

Kevin Lucero sozialistak deitoratu duenez, "etxebizitza eskuratzea gero eta lan nekezagoa da herritar askorentzat, batez ere gazteentzat". Haren ustez, "egoerak premiaz jardutea eskatzen du, eta politikariok ezin gara besoak gurutzatuta geratu". 

EH Bilduren aldetik, Mikel Zabaletak kritikatu du merkatuaren mende egotea etxebizitzak eskuratzeko aukera, "esku hartzen ez den bitartean, merkatuak erabakiko baitu guztion izenean", eta tokiko erakundeek konponbidean duten zeregina defendatu du.

Bestalde, Maria Solanak (Geroa Bai) adierazi duenez, aldaketak "UPNren politikek sortutako egoera kritikoa zuzentzea du helburu". Arazoa "hain da handia eta sakona, ezen urteak beharko baitira egoera iraultzeko", esan du. 

UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainek salatu du talde parlamentarioek Etxebizitza Sailak "modu tranpatian eta korrika eta presaka idatzitako lege bat" aurkeztu izana, "lege proiektu batek eskatzen dituen berme guztiei iseka egiteko", eta kritikatu du "errazenera jo" dutela, eta bide "ez eraginkorrenera". 

PPren izenean, Maribel Garcia Malok esan du "etxebizitza eskuragarriaren falta arazo larria" dela; "ez geneukan arazo hori, eta orain badauka, euren burua aurrerakoitzat duten alderdiek hamar urtez egindako politika okerren ondorioz". Lege-aldaketa norabide horretan "atzeko atetik emandako pauso bat gehiago" dela esan du.

Azkenik, Emilio Jimenezek (Vox) nabarmendu duenez, "etxebizitza eskuratzea oztopoz betetako bidea bihurtu da, hala nola zergen igoera, erregulazioak, legez kanpoko okupazioaren mugimenduen aurrean ezikusiarena egitea, segurtasun juridikorik eza, jabeen kriminalizazioa eta administrazioen espekulazioa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea UPN PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Vox Etxebizitza Nafarroako PP