Politika -

ZERGA ERREFORMA

Adostutako zerga erreforma "anbizio handikoa" dela dio Anduezak, "gehien dutenek gehiago ordain dezaten"

Jeltzaleek eta sozialistek adostutako erreforma fiskala babesteko deia egin die PSE-EEko idazkari nagusiak oposizioko alderdiei, Bizkaiko Batzar Nagusietan salbu, Araban eta Gipuzkoan gutxiengoan agintzen baitute.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk zerga erreforma adostu eta biharamunean, "anbizio handikoa" dela nabarmendu du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, "gehien dutenek gehiago ordain dezaten". Halaber, beste alderdi politiko batzuek erreforma fiskala babestuko dutelakoan dago, Bizkaiko Batzar Nagusietan salbu, Araban eta Gipuzkoan gutxiengoan agintzen baitute. 

X sare sozialean argitaratutako bideo batean, Andueza oso pozik mintzatu da akordioarekin: "Ni oso pozik nago emaitzarekin eta espero dut beste indar politiko batzuek bat egitea hiru lurralde historikoetan erreforma aurrera ateratzeko egin dugun negoziazio ahalegin honekin".

Euskadiko sozialisten buruaren arabera, EAJk eta PSE-EEk adostu duten erreforma fiskalak "zerbitzu publikoak indartu" ez ezik, "ekonomia eta enplegua hobetuko ditu".

Anduezaren esanetan, fiskalitate berriak gazteei lagunduko die "etxebizitza eta burujabetza eskuratzen, berdintasuna bilatzen eta trantsizio berdearen erronkari erantzuten".

Atzo EAJk eta PSE-EEk elkarrekin zabaldutako oharraren arabera, zerga erreformarako akordioak progresibitatea hobetzea eta EAEko ekonomia eta gizarte sarea indartzea ahalbidetuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika Eneko Andueza Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia