Politika -

2025eko aurrekontuak

Aurrekontuen inguruko lurraldeko proposamen zehatza egin die EH Bilduk Aldundiei, "harrera ona" jasota

Pello Otxandiano koalizioko bozeramaileak azaldu duenez, hiru ahaldun nagusiekin batu dira eta lurralde bakoitzerako proposamen "zehatz eta kuantifikatua" helarazi diete. Bestalde, deitoratu du Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE-EE taldeekin elkarrizketa ez dela "oraindik" posible izan.

Otxandiano, prentsaurrekoan. EITB Media
Otxandiano, prentsaurrekoan.
Otxandiano, prentsaurrekoan. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak EAEko lau erakunde nagusietako (Eusko Jaurlaritza eta hiru foru aldundiak) aurrekontuak "modu bateratuan" negoziatzeko prozesua zertan den azaldu du gaur, eta jakinarazi du koalizioa hiru ahaldun nagusiekin bildu dela lurralde bakoitzerako proposamen "zehatz eta kuantifikatu" bat aurkezteko. Aitortu duenez, Etxanobek, Mendozak eta Gonzalezek "harrera ona" egin diete aurkeztutakoei. 

EAEko aurrekontuei dagokienez, argitu du EAJk eta PSE-EEk ez dutela EH Bildurekin "elkarrizketa saio bat ireki" nahi izan, eta "oraindik" ez dela bilerarik izan. Bihar du aurkeztekoa Jaurlaritzak bere aurrekontu proiektua. 

Otxandianok duela bi aste egindako proposamen orokor horren defentsa egin du beste behin. Argudiatu duenez, "ziurgabetasun handiko garaia" da honakoa, eta horren adibide jarri du Frantziako, Espainiako eta Europako testuinguru politikoa. Are gehiago, AEBko hauteskundeek "ziurgabetasun handiagoa" sortuko dutela ohartarazi du.

Horrenbestez, EH Bilduren irudiko, "herri gisa" erantzuteko garaia da alderdi ia guztiek partekatzen duten "erretolika komuna" politika publikoetara eramateko. Izan ere, azaldu duenez, indar politikoak bat datoz "etxebizitza eskubide subjektibo gisa egikaritu behar dela, edo Osakidetzaren egoerari buelta eman behar zaiola". 

Jaurlaritzari berari zein hiru foru aldundiei "egonkortasun eraldatzailea" proposatu diela esan du, eta gogora ekarri, bi kasutan (Gipuzkoa eta Araba), boterean dauden gobernuek ez dutela nahikoa babes aurrekontuak onartzeko, eta ezinbestean "elkarrizketa bideak" behar direla. Hori horrela, uste du "zentzuzkoa" dela gobernuek aurrekontuetarako oposizioaren babesa "lantzea". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ Eusko Jaurlaritza Ekonomia albisteak EH Bildu PSE-EE Bizkaia Albisteak Gaur Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak Pello Otxandiano azken ordukoa