Politika -
junts per catalunya
Carles Puigdemont izango da JxCateko buruzagi berriz ere
Generalitateko presidente ohia Junts per Catalunyako presidente izango da berriro, duela urte eta erdi kargua utzi ondotik. Puigdemontek botoen % 90,18 eskuratu ditu.
eitb media
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia Junts per Catalunyako presidente aukeratu dute gaur, igandea, botoen % 90,18 eskuratuta. Horrela, alderdiko buruzagitzara itzuliko da, duela urte eta erdi kargua utzi ostean.
Gaurdaino, Laura Borràs zen Juntseko buru, eta alderdiaren fundazio berriaren buruzagitza izan daiteke horren hurrengo zeregina, patronatuak onartuz gero.
Puigdemontek Waterlootik (Belgika) telematikoki hitz egin du asteburuan Calellan (Bartzelona) Juntsek egin duen kongresu nazionalean.
Juntseko buruzagi berriak itxitzat jo du orain dela zazpi urte hasitako "erresistentzia" etapa, eta "partida berri bat" jokatzeko "neguko kuarteletatik irteteko" dei egin die Juntseko kideei.
2017ko urriaren 27an "ezjakintasunez beteriko bide zail bat" hasi zuela esan du Junsteko buru berriak, eta gaineratu du "ukatu ezin zuen bidea" zela. "Ezer ez da berdina orduztik, eta ezerk ezin du errealitate hura ezkutatu edo historiatik ezabatu", gehitu du.
Ildo beretik, Katalunia independentziara hurbiltzeko "tresnarik onena" Junts dela azpimarratu du.
Puigdemontek sozialisten aurka ere egin du,"errepresioari etekina atera" diela esanez, eta nahiz eta normaltasuna berreskuratzeko ahaleginak egin, ez dela hala ohartarazi die.
Hitzaldiaren hasieran, eskerrak eman dizkio Borràsi bere "eskuzabaltasunagatik" eta alderdiaren presidente izateagatik bere sorreran.